‘Botila ardoa’ (edo botila bat ardo) formak kantitatea adierazi du, neurria; alegia, ‘zenbat ardo’ adierazten du, botilan egon edo ez. Bere egitura hauxe da: zenbatzailea + neurri-izena + gaia: bi botila ardo, bortz kilo sagar, sei metro soka, baso bat ur...
- Botila ardoa edan du / Botila bat ardo edan du.
- Bi botila ardo hustu ditu.
- Bi botila esne isuri ditu umeak.
Eta ‘ardo-botila’ formak ‘zer’ adierazten du, ontzia, alegia. Izen-elkarketa normal bat da.
- Sagardo-botila berdea izaten da.
- Ardo-botila sagardoz bete du.
Hona hemen adibide gehiago:
- Bi baso ur (zenbat; edukieraz ari da) ≠ bi ur-baso (zer; ura edateko ontziaz ari da)
- Lata bat garagardo (zenbat; edukieraz ari da) ≠ garagardo-lata bat (zer; ontziaz ari da)
‘Zenbat’, edo zehazkiago ‘zenbat zer’ adierazi nahi bada <zenbatzailea + neurri-izena + gaia> egitura erabili behar da:
- Bota baso(kada) bat olio! Bota baso bete olio >*Bota olio-baso(kada) bat.
- Bi dozena porru eman zizkion > *Bi porru dozena eman zizkion.
- Lau kilo laranja erosi ditut >*Lau laranja kilo erosi ditut.
- Atera, faborez, baso bat ur > Atera, faborez, *ur baso bat.
- Zenbat balio du hiru litro urek? > Zenbat balio du *hiru ur litrok?
Bertzetik, prezioaz ari garelarik, neurri-unitatea aipatzean, <zenbatzailea + neurri-izena + gaia> egitura erabili beharrean, <gaia eta unitatea> batera aipatzea da nagusi tradizioan, bertzerik ere ikusten den arren:
- Zenbatean dago azukre-kiloa? Zenbat balio du azukre-kiloak?
- Kalkula ezazu zenbatean saltzen den patata frijitu kiloa.
- Atzo 1,91 euroan zegoen gasolio-litroa.
*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.