‘Botila ardoa’ edo ‘ardo-botila’?

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 30a, 08:00

Bi formak zuzenak dira, baina ez dira gauza bera.

‘Botila ardoa’ (edo botila bat ardo) formak kantitatea adierazi du, neurria; alegia, ‘zenbat ardo’ adierazten du, botilan egon edo ez. Bere egitura hauxe da: zenbatzailea + neurri-izena + gaia: bi botila ardo, bortz kilo sagar, sei metro soka, baso bat ur...

  • Botila ardoa edan du / Botila bat ardo edan du.
  • Bi botila ardo hustu ditu.
  • Bi botila esne isuri ditu umeak.

Eta ‘ardo-botila’ formak ‘zer’ adierazten du, ontzia, alegia. Izen-elkarketa normal bat da.

  • Sagardo-botila berdea izaten da.
  • Ardo-botila sagardoz bete du.

Hona hemen adibide gehiago:

  • Bi baso ur (zenbat; edukieraz ari da) ≠ bi ur-baso (zer; ura edateko ontziaz ari da)
  • Lata bat garagardo (zenbat; edukieraz ari da) ≠ garagardo-lata bat (zer; ontziaz ari da)

‘Zenbat’, edo zehazkiago ‘zenbat zer’ adierazi nahi bada <zenbatzailea + neurri-izena + gaia> egitura erabili behar da:

  • Bota baso(kada) bat olio! Bota baso bete olio >*Bota olio-baso(kada) bat.
  • Bi dozena porru eman zizkion > *Bi porru dozena eman zizkion.
  • Lau kilo laranja erosi ditut >*Lau laranja kilo erosi ditut.
  • Atera, faborez, baso bat ur > Atera, faborez, *ur baso bat.
  • Zenbat balio du hiru litro urek? > Zenbat balio du *hiru ur litrok?

Bertzetik, prezioaz ari garelarik, neurri-unitatea aipatzean, <zenbatzailea + neurri-izena + gaia> egitura erabili beharrean, <gaia eta unitatea> batera aipatzea da nagusi tradizioan, bertzerik ere ikusten den arren:

  • Zenbatean dago azukre-kiloa? Zenbat balio du azukre-kiloak?
  • Kalkula ezazu zenbatean saltzen den patata frijitu kiloa.
  • Atzo 1,91 euroan zegoen gasolio-litroa.

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun