1994an Bortzirietako, Malerrekako eta Leitzaldeko IKA euskaltegiek jarri zuten proiektua martxan. Geroztik 179 aldizkari atera dituzte, azken argitalpenean dioten bezala, «aleka-aleka, euskara maitatuz, euskararekin jolastuz, euskararen balioa goraipatuz... euskara lau haizetara zabalduz».
Dena den, diotenez, «ez da agur alea, erronka berrien hazia landatzeko alea baizik. Beraz, Etxetik Plazarako sutatzaile, jarraitzaile, adiorik ez, elkar ikusiko dugu Euskararen Plaza Handian».
140. aldizkaritik gaur egunera artekoak webgunean zintzilikatuak dituzte, eta horietako aunitz TTIPI-TTAPAren ERRAN.EUS atariko Euskararen Txokoa atalean ere eskura daude, Etxetik Plazarako podcastekin batera.