*Arotzeneako? ala Arotzeneko?

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 8a, 07:00

Batzuetan medikuaRENEAn, JudasENEAn... erraten dugu medikuaREN etxeAN/kontsultaN, JudasEN etxEAn erran beharrean. Hortik sortua da atzizkia, etxeak izendatzeko erabiltzen dena (-enea = etxea balitz bezala): Arotzenea, Joanikotenea, Txominenea, Martinenea... Parekoak ditu -rena eta -koa atzizkiak ere, erranahi berarekin: Tomasenea, Tomasena edo Tomaskoa; Andresenea, Andresena, Andreskoa, Andrestegi...

Bukaerako -a artikulua denez, galdu egiten dute lekuzko kasuetan: Tomasenetik (*TomaseneAtik), Tomasenekora (*TomasenekoAra)... Eta izen propioak diren neurrian, denak elkarturik idaztea da ohitura estandarra.

Nafarroako alderdi batean eta Iparraldeko zenbait lekutan -baita atzizkia -enea atzizkiaren ordaina da. Leku-atzizkiekin, etxeren sinonimoa da, Euskaltzaindiaren Hiztegian erraten denez: Aritzabaita, Bixentebaita, Urdinbaita...

Aldeak alde eta moldeak molde (-enea, -koa, -rena, -baita, -tegi), egun erabili nahi izanez gero, Euskaltzaindiaren hitzetan, euskalkiko eta inguruko izenen arabera jokatzea da beti bidezkoena; lekuan lekuko erabilerari ematea lehentasuna.

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun