1.158 ukrainarrek lortu dute Osasun Txartel Indibiduala Nafarroan, eta horietatik 52 gure eskualdean bizi dira orain

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 25a, 19:00

Duela sei hilabete exodoa hasi zenetik, Ukrainako 2.181 errefuxiatu etorri dira Nafarroara momentu batean edo bertzean. Horrek ez du erran nahi horiek denak hemen daudenik orain. Kopuru horretatik, 1.435 lagunek eskatu dute Europar Batasunak ematen duen aldi baterako babesa, eta horrek eskubidea ematen die lan eta erresidentzia-baimena izateko.

52 ukrainarrek lortu dute lan eta erresidentzia-baimena gure lurraldean

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, eta betiere oinarrizko osasun eremuak erreferentzia hartuta, Sakana da (Altsasuko osasun eremua) Nafarroa osoa kontuan hartuta errefuxiatu gehien hartu duen tokia 85 errefuxiaturekin. Hurbilagora etorrita, Bortzerrietan (Lesakako osasun eremua) 24 ukrainarrek lortu dute lan eta erresidentzia-baimena, Malerreka-Bertizaranan 16 ukrainarrek, Leitzako osasun eremuan 11k eta Baztanen ukrainar bakarrak.

Azkenik, Ukrainako 308 haur eskolatu dituzte Nafarroa osoko 105 ikastetxetan. 49 Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, 171 Lehen Hezkuntzan, 85 DBHn eta hiru Batxilergoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun