22 errefuxiatu daude Beran, eta tartean badira haurrak, senarra gerran utzitako ihes egin duten andreak, eta baita gerran erditu eta astebeteko haurrarekin ailegatutako familia bat ere. Gutxienez bi hilabete egonen dira Beran bertze etxebizitza bat lortu artean.
22 pertsonaren mantenua bermatzeko, ezinbertzekoa izaten ari da herritarrek eskainitako laguntza, hala ere aitzinetik eskatu gabe materialik ez eramateko eskatu dute. Izan ere, egunaren arabera dituzten beharrak ezberdinak direla azaldu du Rodriguezek, eta beraz, lagundu nahi duenari aitzinetik bertara deitzeko eskatu du. Horretarako ondorengo zenbaki hau paratu du eskuragai: 664 022 977. «Eguneroko beharren arabera eskatzen dugu eta orain arte beti lortu dugu behar genuena. Caritasek janaria eman digu, eta haragia eta bertzelako janariak falta izan zaizkigunean eskatu eta berehala ekarri dizkigute», azaldu du.
Eskola adinean dauden haurrak dagoeneko hasi dira eskolan Nafarroako Hezkuntza Departamenduak horretarako baimena eman ondotik, eta arratsaldetan Beran errotutako Ukrainar komunitateko kideak joaten dira hizkuntza irakastera. Asmoa, haurrak herrian integratzea dela kontatu du Rodriguezek.
Herritarrekin eskertuak
Gerra atzean utzi, eta Berara iritsita herritarrengandik jasotako erantzunagatik «hagitz eskertuak» daudela kontatu du Rodriguezek: «Uneoro dago jendea behar dugun materialak ekartzen, eta pozik daude eskolako patioan egon daitezkeelako eta gune erosoa eta zabala dutelako bertan egoteko».
Hemendik aitzinera ere Gurutze Gorriarekin lanean segitzeko asmotan direla azaldu du Rodriguezek: «Litekeena da familia hauetako batzuek Beran gelditzeko asmoa izatea, eta ikusi behar dugu ea hemen ere etxebizitzarik lortzerik dugun. Helburua ahalik eta azkarren etxebizitza bat lortzea da, horrela jende gehiago artatzeko».
Nola lagundu?
Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuan Ukrainak etorritako migratzaileak nola lagundu azaltzen duen dokumentua kaleratu du (gaztelaniaz bakarrik dago). Bertan azaltzen da bertzeak bertze nork artatzen dituen Ukrainatik etorritako migratzaileak, norbanako bezala ekonomikoki nola lagundu daitekeen, edota nola hartu harreran errefuxiatuak. Esteka honen bidez eskuratu daiteke gida hori.