Jarkoveko bonbetatik Doneztebeko lasaitasunera

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 8a, 12:00

Doneztebera Ukrainatik etorri diren hiru familiak.

Tatianak, Galinak, Innak, Angelinak, Marinak, Martak eta euren seme-alabek Ukrainako gerratik ihes egin dute, 1.700 biztanleko herri honetan beren bizitzak berregiteko

Doneztebeko San Miguel ikastetxe publikoan txirrina jo baino pixka bat lehenago, arratsaldeko ordu biak aldera, inguruetako espaloiak gurasoek eta aitatxi-amatxiek betetzen dituzte, egunero bezala haurrak eskolatik noiz aterako zain. Galinarentzat, aldiz, egunerokotasun hori erabat berria da. Emakumeak, urduri, buelta txikiak ematen ditu alde batetik bertzera: gaur da eskolako lehen eguna Igor 11 urteko semearentzat eta Alexia 14 urteko alabarentzat. Bi aste pasatxo dira Doneztebera iritsi zirela, Jarkov (Ukraina) hiriko bonbetatik ihesi.

Azkenik, Igor jauzika atera da atetik, zurrunbilo bat balitz bezala eta irribarre handi batekin. Bere amarengana doa eta errusieraz dio: «Mama, ochin jarasho!» («Ama, arras ongi!»). Igorrek ederki pasatu duela erran dio amari eta eskolan eman dioten motxila berria, Hezkuntza Departamentuko chormebook ordenagailu bat eta errusiera-euskara eta gaztelaniako hiztegi txiki bat duen libreta erakutsiko dizkio.

Handik gutxira, 14 urteko Alexia arreba aterako da ate beretik. Mendaur institutuak eta San Miguel eskolak patioa eta espazioa partekatzen dituzte. Alexia pozik atera da. Erran duenez, ikaskideak arras atseginak dira, baina zaila eginen zaio hizkuntza ikastea, gaztelaniaz zerbait ulertzen duen arren. Ernesto Dominguez, eskola publikoko zuzendaria, eta Bihotz Unanua, institutuko zuzendaria, patiora atera dira Galinarekin eta txikiekin solas egitera.

Gelekiko lehen harreman hori, Igor eta Alexia bezalaxe, 175 haur eta nerabe ukrainarrek bizi izan dute, eta gatazka hasi zenetik Nafarroako ikastetxeetan eskolatuta daude. Oraingoz, Ernesto Dominguezek azaldu duenez, ikasle bat ikasturte erdian berandu sartzean aplikatzen den prozedura berari jarraitu zaio. Gainera, Nafarroako eskola publikoetan, lan-hizkuntza ez duten ikasleak, euskara zein gaztelania, sartzeko protokoloak ere badaude.

«Badirudi gaur dena ongi joan dela, eta pozik daudela, baina gero egunez egun lan egin behar da», erran du Ernestok.

Doneztebeko San Miguel eskolan eta Mendaur institutuan hasitako ikasle ukrainarrak, Ernesto Dominguez eta Bihotz Unanua zuzendariekin.

Duela egun batzuk, Ukrainako hiru familia Donezteben elkartu ziren Nafarroako Gobernuko Migrazio eta Justizia Politikako departamentuko kontseilari Eduardo Santosekin; Harrera eta Akonpainamendu Zerbitzuko zuzendari nagusi Virginia Erasorekin; Nafarroako Gurutze Gorriko eskualde-zuzendari Juan José San Martinekin; Jon Telletxea Malerrekako Mankomunitateko lehendakariarekin eta Gizarte Zerbitzuetako Begoña Alberrorekin. Baina instituzioen laguntzaz gain, Malerrekako hainbat bizilagunena izan dute. Natalia Rekarte Donamariako alkateak eta Kukuka haurrentzako arropa-dendaren jabeak azaltzen duenez, «familietako bat Malerrekako Mankomunitateak gizarte-zerbitzuetarako duen pisuetako batean dago, baina bertzea Luis Miguel Apezetxea partikularrak emandako etxe batean dago». Bien bitartean, Doneztebeko bizilagun eta merkatariek poto bat jarri dute okindegian eta Ruiz supermerkatuan, behar dutena eros dezaten. Eskualdean arropa, janaria eta ondasunak jasotzeko hainbat gune prestatu ditugu dohaintzak egiten ari direnendako.

Liburutegian hainbat gaztelania-eskola antolatu dituzte irakasle boluntarioei esker. Jatorri errusiarra duen Ulianak, familia horientzako lotura eta itzultzaile lanak egiten ditu. Bixen ostatuko Denis gazte ukrainarrak, berrizm doako otorduak eskaini ditu ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun