- Milioi bana (*miloina) egokitu zaie loterian.
- Bosna mila (*bost milana) euroko bermea ordainduta atera ziren kalera.
Iparraldeko tradizioan, zenbakia bokalez bukatzen denean -na gabe -ra erabiltzen da: bira (baina hiruna, launa), seira, zazpira, zortzira, bederatzira... Eta Euskaltzaindiak ez du erabilera hori gaitzesten.
Arestiko adibideetan ikus daitekeenez, mila eta milioi zenbatzaileek ezin dute itsatsirik eraman -na banatzailea, eta bana ezartzen zaie ondoan: mila bana, bina mila...
Ez zaio hori gertatzen ehun zenbatzaileari: ehuna (‘bakoitzari ehun’) da erabiltzekoa, eta eredu berari jarraitzen diote ehun osagaia duten gainerako zenbatzaileek ere: berrehuna, bostehuna..., bostehuna mila...
Gainerakoan, banak singularreko komunztadura du:
- Liburu bana erosi dugu (*ditugu).
Hortik goitikoek pluralean egiten dute komunztadura:
- Launa kilo gatz eman dizkigute.
- Bosna ontza urre hartu zituzten.
Banatzaileek aurrekaria plurala behar dute:
- *Nik liburu bana erosi dut > Guk liburu bana erosi dugu.
- *Auto banatan etorri da > Auto banatan etorri dira.
Ez dira egokiak era honetako esaldiak ere, ez direlako banatzaileak:
- *Disko eta liburu bana erosi ditu Mikelek / *Disko eta liburu bana erosi du Mikelek > Disko bat eta liburu bat erosi ditu Mikelek.
*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.