Bikoitz, hirukoitz, bi halako, halako bi, halako hiru...

Bikoitz (sinonimoa, doble) eta hirukoitz adjektiboak dira (salbu lehenaren ‘biki’ adieraren eta bigarrenaren ‘hirusta’ adieraren kasuan).

Ikusi hemen adibideak:

  • Lerro bikoitza.
  • Lan-istripuak izateko aukera bikoitza da.
  • Batasun hirukoitza.
  • Jauzi hirukoitza.

 Hitzok izen moduan ageri diren adibideak bakanak dira orain arteko tradizioan:

  • Lau biren bikoitza da.
  • Biren hirukoitza sei da.

Ez da aukera egokiena erabilera hori honelako esaldietara hedatzea, non zerbaiten multiploa adierazten den —zerbait zenbat aldiz—:

  • *Iazko(aren) bikoitza gastatu dugu aurten > Iaz(koa) halako bi gastatu dugu aurten.
  • *Zure hirukoitza irabazten du > Zuk halako hiru irabazten du.

Konparazio-erreferentzia bertan aipatzen ez denean, halako bi eta halako hiru hurrenkeraz aldatzen dira: bi halako eta hiru halako.

  • Bi halako gastatu dugu aurten.
  • Hiru halako irabazten du.

*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun