Ikusi hemen adibideak:
- Lerro bikoitza.
- Lan-istripuak izateko aukera bikoitza da.
- Batasun hirukoitza.
- Jauzi hirukoitza.
Hitzok izen moduan ageri diren adibideak bakanak dira orain arteko tradizioan:
- Lau biren bikoitza da.
- Biren hirukoitza sei da.
Ez da aukera egokiena erabilera hori honelako esaldietara hedatzea, non zerbaiten multiploa adierazten den —zerbait zenbat aldiz—:
- *Iazko(aren) bikoitza gastatu dugu aurten > Iaz(koa) halako bi gastatu dugu aurten.
- *Zure hirukoitza irabazten du > Zuk halako hiru irabazten du.
Konparazio-erreferentzia bertan aipatzen ez denean, halako bi eta halako hiru hurrenkeraz aldatzen dira: bi halako eta hiru halako.
- Bi halako gastatu dugu aurten.
- Hiru halako irabazten du.
*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.