‘Nahiko lan’ edo ‘nahikoa lan’?

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 30a, 07:00

Biak zuzenak dira. Funtzio aunitzetan erabiltzen da nahiko hitza. Euskaltzaindiaren Hiztegian ikus daitekeenez, erabilera malgua du, bai kokapenari buruz bai artikuluaren erabilerari buruz. Aditz bati dagokionean bakarrik du artikuluaren premia.

Zenbatzaile gisa izenarekin doanean haren ezkerrean nahiz eskuinean joan daiteke, artikuluarekin nahiz artikulurik gabe, eta nahiko(a) bera ere artikuluarekin nahiz artikulurik gabe:

  • Nahiko lan genuen / Nahikoa lana genuen / Nahikoa lan genuen / Nahiko lana genuen.
  • Lan nahiko genuen / Lana nahiko genuen / Lan nahikoa genuen / Lana nahikoa genuen.

Hala ere, tradizioan izenaren aitzinetik doa gehienetan, eta mugagabean:

  • Nahiko(a) lan genuen.

Adberbio gisa izenondo bati edo adizlagun bati dagokiola doanean, haren ezkerrean, artikuluarekin nahiz artikulurik gabe joan daiteke.

  • Nahiko(a) berandu zen bazkaltzeko.
  • Nahiko(a) handia zen.

Adberbio gisa aditz bati dagokiola doanean, artikuluarekin doa.

  • Nahikoa iraun digu.

Nahikoa izan aditza ere, artikuluarekin.

  • Ez da nahikoa egoskor izatea.
  •  

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun