*Norantza ala noranzko?

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 6a, 14:00

*Norantza baztertzeko hitza dela dio Euskaltzaindiak.

Galdetzaileetatik izenak sortzeko -ko erantsi ohi da. 

  • Nondik > nondik(ak)o (eta ez *nondika)
  • Norekin > norekiko (eta ez *norekika)
  • Zergatik > zergatiko (eta ez *zergatika)

Horregatik ez da egokitzat jotzen *norantza. Haren partez, noranzko da izen egokia. 

Noranzko eta norabide

Esanahiari dagokionez, noranzkoa norabide batean higitzeko dauden kontrako bi eretako bakoitza da (es: sentido / fr: sens). Norabide bakoitzean, bi noranzko daude: joatekoa eta etortzekoa.

Norabidea, berriz, norbait edo zerbait nora doan edo nondik datorren adierazten duen lerro zuzena da. 

Hizkera arruntean, norabide erabiltzen da maiz bi esanahiekin: norabidea eta noranzkoa adierazteko. Hizkera teknikoan edo zehaztu behar denean, ordea, ezinbertzekoa da biak bereiztea.

Azkenik, ohartaraztekoa da gaztelaniazko ‘sentido’ eta frantsesezko ‘sens’ hitzek, adiera batzuetan, zentzu hitza dutela euskal ordaina, baina zentzu ez dela noranzko hitzaren sinonimoa; ez da egokia, beraz, euskaraz izan ez duen adiera arrotz hori ematea zentzu hitzari.

*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun