Errepidera atera aitzinetik ilara luzeak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 08:00
Argazkia: Karlos Senper

Gidabaimena atera berritan, ateratzeko praktiketan eta praktikak hasteko esperoan dauden eskualdeko hiru gaztek euren esperientzia kontatu diote Ttipi-Ttapari

Nafarroako autoeskolen elkarteak, Apanak, aditzera eman duenez herrialdean «5.000 lagun inguru» daude gidabaimena ateratzeko froga praktikoa egiteko zain. Covid-19aren ondorioz, osasun protokoloak betetzeak itxaron zerrendak sortzea eragin du. 

«Udarako gidabaimena behar dut»
Leire REKALDE, Elizondo

Apanak adierazi duenez, pandemiaren eraginez gidabaimena ateratzeko izangai kopuruak goiti egin du, herritarrek garraio publikoa erabiltzea saihestu dutelako edo lanik gabe gelditzearen ondorioz jendeak denbora horretan ikastea eta gidabaimena ateratzea erabaki duelako. Horri azterketagileen gabezia gehitu zaio: «azken urtean 10 azterketagile izatetik sei izatera pasatu gara, pandemiagatik arrisku taldekoak direnak ez daudelako eta zenbait lekualdatze izan direlako». Horrek guztiak teorikoa orain gainditzen dutenek azterketa praktikoa egiteko esperatu beharreko denbora «lau hilabeterainokoa» izatea eragin du eta, ondorioz, kasu aunitzetan, autoeskolek praktiken hasiera datak gibelatzea erabaki dute.

«Azterketarako ez nuen esperoan egon behar izan»
Elena URRUTIA, Elbete

Egoera momentu honetan «egonkortuta» dagoen arren, aurreikuspenak kezkagarriak dira: «udan berriz ere izangai kopuruak goiti eginen du eta egoerak okerrera eginen du. Gainera, bi aztertzailek erretiroa hartuko dute».

Horren aitzinean, Apanak maiatzean eginen den lehiaketan bertze bizpahiru azterketagile bidaltzeko eskaera egin du Nafarroako Autoeskolen Konfederazioaren bidez: «Nafarroa biztanleko azterketagile gutxien dagoen laugarren erkidegoa da eta erretiroa hartzen dutenean bigarren izatera pasatuko gara. Eskatutako aztertzaileak bidaltzea ezinbertzekoa dugu».

«Itxaronaldiak aurreikuspenak zapuztu dizkit»
Janire IRIBARREN, Doneztebe

Egoerak zuzen-zuzenean eragin dituen milaka lagunen artean daude Leire Rekalde Lazaro (Elizondo, 2002), Elena Urrutia Goienetxe (Elbete, 2002) eta Janire Iribarren Lizardi (Doneztebe, 2002). Eta Iribarrenen lekukotasunak, Nafarroan ez ezik, bertze erkidego batzuetan ere arazoak izan direla ondorioztatzeko bide eman digu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun