Janire Iribarren

«Praktiketan otsailean hastekoa nintzen eta martxoan oraindik ez dut berririk»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 15:00

Praktiketan hasteko zain dago Janire Iribarren.

Ikasketak direla eta, Bilbora jo zuen Janire Iribarren Lizardik (Doneztebe, 2002). Hortaz, gidabaimenaren atal praktikoa bertan ateratzea erabaki zuen: «teorikoa bizpahiru astez prestatu eta azaro bukaeran gainditu nuen. Ondotik, horri segida emateko, egokiena praktikoa Bilbon ateratzea iruditu zitzaidan». Urtarrilean, autoeskola batean izena ematera joan zenean, «hilabete eta erdiz» esperoan egon beharko zuela erran zioten eta praktiketan hasteko momentua beharko lukeena ailegatu zenean «gutxienez bertze bi hilabete beharko dituztela aipatu zidaten...». Iribarreni aurreikuspenak aldarazi dizkio itxaronaldiak. Izan ere, maiatzerako gidabaimena edukitzea espero zuen eta horrekin batera «lanean hasteko» asmoa zuen. Gehiago ere bada: «ikasturtea apirilean akitzen dudanez maiatzetik aitzinera ez nuen Bilbon gelditzeko asmorik». Izena eman zuen momentuan hori jakin gabe egin zuen eta orain ondorioak argiak dira, ez baitaki ordurako atera eta herrira bueltatzerik izanen duen: «planak zapuztu dizkit eta apirilean ikasketak akituta ere, gidabaimena atera ez badut Bilbon gelditu beharko naiz...».

«Gidabaimena atera arte Bilbon gelditu beharko naiz»

Janire IRIBARREN, Doneztebe

Gaur gaurkoz, praktikekin ez da hasi eta noiz hasiko den ere ez daki: «momentuz autoeskolakoek astean zehar ditudan momentu libreak zein diren baino ez didate galdetu». Ikusiak ikusi, konponbideak eta egoerara egokitutako neurriak beharko lirateke doneztebar gaztearen ustez: «jasan beharreko itxaronaldiak ikusita, teorikoaren iraungitze data luzatzea, erraterako, ez legoke gaizki». Edozein modutan gidabaimena «mugikortasunerako baliabide garrantzitsua» eta «bizi garen eremuan beharrezkoa» denez, esperoan egotea bertzerik ez du: «guk ez dugu herri batetik bertzera mugitzeko autobusik eta hirietara jotzeko ere ordutegiak hagitz mugatuak dira. Orain arte gurasoekin moldatu naiz lanera edo medikuarengana joateko, haiek ezin bazuten, berriz, izeba-osabek edo lagunen batek eramateko zortea izan dut». Hala ere, badu «eginbeharretara» bere kasa mugitzen hasteko gogoa, «bertze baten menpe egoteko beharrik gabe». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun