Elena Urrutia

«Praktiketarako bi hilabetez esperoan egon arren, gero klaseak segidan izan ditut»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 14:00

Otsail erditsuan lortu zuen gidabaimena Elena Urrutiak.

Abuztuan hasi zen gidabaimena ateratzeko saioekin Elena Urrutia Goienetxe (Elbete, 2002) eta otsailaren bigarren asterako baimena eskuartean zuen. Teorikoa «nahiko fite» atera zuen: «abuztu bukaeran klaseekin hasi nintzen eta irail erdialdera egin nuen azterketa». Praktiketan hasteko, ordea, «bi hilabetez» esperoan egon behar izan zuen. Hala ere, hasteko aukera izan zuenean, martxa ona izan zuen, klaseak nahiko segidan izan baitzituen: «ikasketengatik Tuterara joan nintzen eta han egin nuen atal praktikoa. Bi hilabetez esperatu nuen eta hasi nintzenean astean lauzpabortz egunez egiteko aukera eman zidaten. Azterketarako ere ez nuen esperoan egon behar izan, irakasleak data proposatu zidan nik eskatu aitzinetik eta horixe onartu nuen». Klaseak «banaka» eta prebentzio neurri zorrotzak betez egin ditu elbetearrak: «praktikak banaka egiten genituen, maskara jantzita eta hurrengo ikasleari pasa aitzinetik bolantea, martxak... garbitu behar izaten genituen». Banaka egin behar horrek «itxaron zerrendak sortzea» eragin du.

«Ingurukoek nik baino aunitzez gehiago esperatu dute»

Elena URRUTIA, Elbete

Bere kasuan bi hilabeteko kontua izan den arren, hurbilean gehiago esperatu behar izan dutenak izan ditu: «kuadrillako batzuk Iruñean ari dira eta ni baino gehiago itxaron behar izan dute, hiruzpalau hilabete. Gasteizen bizi direnek, berriz, zerrenda ikusita, beranduago hastea erabaki zuten». Urrutiarendako gidabaimena ez da ezinbertzeko kontua «lagunak gehienetan Elizondon biltzen gara eta Elbeten bizita ez dut horren beharrik, ez behintzat Gartzainen, Zigan, Lekarozen edo Narbarten bizi direnek adina». Dena den, edukitzeak «planak egiteko» aukera ematen dionez, «ezin hobea» da berarendako. Gehiago ere bada: «orain Tuteran ikasten ari naiz eta joan-etorri ibiltzeko autoa izatea erosoagoa iruditzen zait. Hala ere, gurasoek momentuz ez didate uzten eta kontaktuak bilatu eta ahal den moduan joatea lortzen dut». Gidabaimena zutenekin ibiltzetik gidabaimena izatera pasatzea pozgarria izan da berarentzat eta «oraindik zer ikasia badudan arren ahal den heinean gidaria ni izaten saiatzen naiz». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun