Leire Rekalde

«Ez zait bidezkoa iruditzen dauden zerrendekin teorikoak iraungitze data bera izatea»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 13:00

Azterketa praktikorako prestatzen ari da Leire Rekalde.

«Banekien praktikoarekin hasteko esperatu beharko nuela baina ez nuen hainbertze izanen zenik uste». Halaxe aitortu du Leire Rekalde Lazarok (Elizondo, 2002). Teorikoa «bizpahiru astetan» atera bazuen ere, praktiketan hasteko «ia urte erdia» egon da esperoan: «uztail bukaeran gainditu nuen eta praktiketan urtarrilaren 15ean hasi nintzen». Hasi orduko «teorikorako ikasitako gauza batzuk atzendu» ere egin zaizkiola onartu du. Zorionez, bere kasuan «momentu honetan ez dut autorik behar, lagunen batekin, gurasoekin edo autobusean moldatzen naiz» eta alde horretatik ondorioa ez da larria izan. Hala ere, «gidabaimena burutik kentzeko» beharra sentitzen du: «klaseetan hasi bezain agudo gainditu nahi nuen, egunerokoan horretan ez pentsatzeko eta oraindik horrekin nabil». Bere kasuan «astean hiru egunez» izaten ditu saioak: «beraiek erraten didaten ordutegian izaten da eta gehienetan 19:00 aldera». Ordutegia ez da arras ona berarendako: «ordurako ilunduta egoten da eta zailagoa iruditzen zait». Kalteak zuzenean jasaten ari dela jakin arren, dagoena hartu bertzerik ez du: «irakasleek ordutegia arras betea dute eta nik azkeneko orduan dut saioa. 12 praktika egin ditut eta ordutegi horretan izatearen ondorioz egoera arruntean eginen nituzkeen praktika kopurua baino aunitzez gehiago beharko ditudala iruditzen zait».

«Egoera arruntean baino praktika gehiago beharko ditut»

Leire REKALDE, Elizondo

Momentuz ez du bere burua azterketara joateko gai ikusten eta oraindik lasai dagoen arren, «ahal bezain fite» atera nahiko luke. Egoeraren kalteak zuzenean eragin du Rekalderengan eta esperoan egon diren bertze hainbat eta hainbatengan eta horren aitzinean teorikoa bi urtetara iraungitzea «ez da bidezkoa» bere ustez: «nahaste hau izatea ez da gure errua eta bortz hilabete baino gehiago esperoan egotea ez da nire aukera izan...». Orain artean elizondoarra «arras ongi» moldatu da batetik bertzera ibiltzeko baina udarako beharko duela nabarmendu du: «lanera joateko edo egun-pasak egiteko erraztasun hori izanez gero, ez ditut gurasoak orain artean bezainbertze molestatuko». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun