Malerreka eta Bortzirietako IKA euskaltegien eskutik, Etxetik Plazara egitasmoak bide berri bati ekin dio ikasturte honetan. Badira 20 urte baino gehiago proiektua abiatu zutela, eta harrezkeroztik, urak bide egin badu ere, helburuak ber-bera izaten jarraitzen du: etxetik mugitu gabe, euskara lantzeko tresna izatea, alegia. Halere, garai berrietara egokitzeko asmoz, joan den urtera arte martxan zegoen irratsaioari bertze formatu bat eman eta podcast bihurtu dute.
Lau minutu inguruko dosi txikitan, euskarari buruzko ikasgai txikiak eskaini nahi dituzte egileek. Hiru astetik behin argitaratuko dute podcasta, eta beren ivoox plataformako txokoan aditu ahal izanen da. Hona hemen lehenbiziko proposamena.
Era berean, ERRAN.EUS atariaren Euskararen Txokoan egonen da eskuragarri, baita Etxetik Plazara aldizkaria ere.