Bi kontu hiru eta lau zenbakien inguruan.
Izenak direnean, hau da, zenbakiak adierazteko erabiltzen direnean, bokalez akitzen den bertze edozein izen bezala deklinatzen dira hiru eta lau hitzak:
- SINGULARRA: Biaren eta lauaren artean hirua sartu behar da.
- PLURALA: Gure alabak arras ongi marrazten ditu hiruak, lauak eta zazpiak, baina gainerako zenbakiak ez.
- MUGAGABEA: Zein hiruren/lauren azpian egin behar dut marra?
Baina batzuetan, ez dute izen-funtzioa, izenordainarena baizik. Adibidez: Uztailaren lauan (edo hiruan) jaio zen (‘laugarren egunean’ = ‘lauan’). Mireia lauretan (hiruretan) etorriko da (‘lau orenetan’ = ‘lauretan’). Halakoetan, -r- gehituta deklinatu behar dira pluralean.
- *Arratsaldeko hiruak/lauak dira > Arratsaldeko hirurak/laurak dira.
- *Lau aldiz egon naiz Anderrekin, eta lauetan ukatu dit kontu hori > Lau aldiz egon naiz Anderrekin, eta lauretan ukatu dit kontu hori.
Oharrak: -r- gehitze hori hiru eta lau zenbakiei bakarrik dagokie, eta ez hamahiru/hamalau, hogeita hiru / hogeita lau eta kidekoei. Bertzetik, lau zenbakia bokalez akitutako hitzak bezala deklinatzen da, eta beraz, -e gabe doa singularreko kasu hauetan: lauan, lautik, laura (*lauean, *lauetik, *lauera…).
- *Urriaren lauean bukatuko da izena emateko epea > Urriaren lauan bukatuko da izena emateko epea.
*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.