*'Haiek irabazi dute eta guk ere' edo 'haiek irabazi dute eta guk ere bai?'

Ere emendiozko lokailua da, eta gehitze-zentzua ematen dio aitzineko perpausean errandakoari. Erdaren eraginez arazo-bide gertatzen da aunitzetan. Hona hemen ereren erabileraren inguruan azalpen batzuk. 

Erek aitzinetik sintagma edo osagai bat behar du beti, hark dakarren informazio berria nabarmentzen baitu. Beraz, ez da inoiz perpausaren hasieran paratzen. 

  • *Ere daude bertze karrika batzuk > Bertze karrika batzuk ere badaude.
  • *Ere joan gaitezke hondartzara > Hondartzara ere joan gaitezke.

Aditza osorik —edo gutxienez aditz laguntzailea— ezabatzen denean, bai edo ez behar du esaldiak:

  • *Haiek partida irabazi dute, eta guk ere > Haiek partida irabazi dute, eta guk ere bai.

Aditza eta bai batera erabiltzea ez da zuzena:

  • *Guk ere bai badakigu hori  > Guk ere badakigu hori.
  • *Etxean ere bai egin dezakezu hori  > Etxean ere egin dezakezu hori.

*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun