*'Errango' ez da zuzena!

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 16a, 12:00

Bi usadio daude etorkizuneko forma adierazteko. Mendebaldean aditzaren partizipioari –KO edo –GO gehituz, eta ekialdean, eta tartean gure eskualdean, -EN gehituz. Biak dira zuzenak, baina nahasi gabe.

-KO edo –GO (mendebaldean)
Amaieraren arabera, bat edo bertzea erabiltzen da. 

  • Lagunduko, etorriko, erosiko, sartuko, bazkalduko…  
  • Baina eskualdetik kanpo, partizipioa –N letraz bukatzen bada, -GO forma hartzen du: jango, irtengo, esango… 
  • Eta –L letraz amaitzen bada, -KO nahiz –GO biak dira zilegi: hilko/hilgo…

-EN (Erne! Gure eskualdean hau erabiltzen da)
Ekialdeko euskalkietan, eta gure eskualdean, –N edo –L letrez amaituriko aditzekin -EN erabili ohi da geroaldia adierazteko: hilen, izanen, jakinen, esanen, erranen…

ERRANEN eta ESANGO parekoak dira. Gure eskualdeko hainbat herritan ERRAN aditza erabiltzen da eta ondorioz, erabat baztertzekoa da *ERRANGO forma, gure eskualdean ERRANEN/ESANEN forma erabili ohi ditugulako. 

Beraz, kontuan izan: ESAN aditzarekin geroaldirako ESANGO eta ESANEN (azken adibide hori eskualdeko herri batzuetan erabilia da) biak zilegi badira ere, ERRAN aditzarekin ERRANEN da zuzena den bakarra. 

*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun