*Arrazakeriarekin akitu behar da ala arrazakeria baztertu behar da?

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 26a, 11:00

Badira erdararen interferentziaz-edo berriak diren erabilera batzuk. Aldi honetan soziatiboko esapideak ekarri ditugu Euskararen Txokora, hau da, -ekin atzizkia dutenak.

-Amaitu/bukatu/akitu aditzarekin kalko okerrak egiten dira maiz, espainieraz 'acabar con…' edo frantsesez  'en finir avec…' esapideen eraginez.

  • *Arrazakeriarekin amaitu/bukatu/akitu behar da > Arrazakeria baztertu behar da.
  • *Gai honekin bukatzeko… > Gai hau bukatzeko…
  • *Gai honekikoak egiteko… > *Afariarekin bukatu zuen > Afaria bukatu zuen.

-Aurkitu aditzarekin ere (espaineraz  ‘encontrarse con...’  edo frantsesez ‘être/se trouver en présence de...’) kalko okerrak egiten dira:

  • *Sarritan, talde heterogeneoekin aurkitzen gara geletan > Sarritan, talde heterogeneoak (aurkitzen) ditugu geletan.
  • *Mendira joan eta jende askorekin aurkitu ginen > Mendira joan eta jende asko ikusi genuen. 

-Asmatu, jarraitu, hautsi... Aditz horiekin ere berdin gertatzen da:

  • *Ez dakit nola asmatzen duzun gonbidatuaren gustuarekin > Ez dakit nola asmatzen duzun gonbidatuaren gustua. Ez dakit nola igartzen/antzematen diozun gonbidatuaren gustuari.
  • *Lanarekin jarraitu du serio-serio > Lanean jarraitu du serio-serio (ZERTAN). Lanari jarraitu dio serio-serio (ZERI).
  • *Topikoekin hautsi beharra dago > Topikoak hautsi beharra dago.

-Hil aditzaren kasuan, -ekin hil okertzat ezin jo bada ere —hizketan ez da arrotz, eta idatzian ere aurki daitezke adibideak—, Euskaltzaindiaren arabera, aukeran egokiago da -z hil (erran daiteke -k jota hil ere):

  • ?Eritasun kardiobaskularrekin jende gehiago hiltzen da minbiziarekin baino > Jende gehiago hiltzen da eritasun kardiobaskularren ondorioz minbiziaren ondorioz baino / eritasun kardiobaskularrez, minbiziz baino / eritasun kardiobaskularrengatik, minbiziagatik baino. 

*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun