Kalko okerrak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 11a, 11:00

Hizkuntzalaritzan, hizkuntza batek bertze hizkuntza baten hitz edo esamolde bat itzuliz sortzen duen forma da kalkoa. Adibidez, telefono hitza mailegua da (bere horretan hartzen da elementua); urrutizkin, berriz, kalkoa (bertze baten eredutik berera egokituriko egitura). Kalkoa berez ez da baztertzekoa, baina bai tentuz neurtzekoa. Ez da baztertzekoa, berez, kalko batzuk egokiak izan litezkeelako, hizkuntzak beretzat naturaltzen dituen neurrian (adibidez: (informatikako) sagu, diru beltz, (kafe) ebaki, argi berdea eman...); baina badira kalko okerrak ere eta horien adibide batzuk ekarri izan ditugu Euskararen Txokora. 

Kalko desegoki horietako bi dira *laburmetraia eta *luzemetraia.

Erdarazko hitz-elkarketen cortometraje, largometraje (espainieraz), court-métrage, long-métrage (frantsesez) hitzez hitzeko kalkoak dira *laburmetraia eta *luzemetraia. Euskaltzaindiak dioenez, euskararen gramatika-legea urratzen dute (<izena + izenondoa> hurrenkera, hain zuzen). Laburmetraia eta luzemetraiak <izenondo + izen> egitura dute.

*Laburmetraia eta *luzemetraia hitzak ez dira ageri Euskaltzaindiaren Hiztegian. Film hitza ageri da sarrera gisa, aldaera hauek dituela: film ertain, film labur, film luze. Film hitza da estandarra. 

  • *Laburmetraia > film labur
  • *Luzemetraia > film luze

*Izartxoa dutenak gaizki daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun