* Gol berri bat sartu diote atezainari ala Bertze gol bat sartu diote atezainari?

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 17a, 10:00

Argi dio Euskaltzaindiak. Baztertzekoak dira *garaipen berri bat, *gol berri bat, *eraso berri bat, *istripu berri bat, *bilera berri bat… moduko esapideak, bistan baitago ez dagoela ez garaipen zaharrik, ez gol zaharrik, ez istripu zaharrik, ez eraso zaharrik, ezta bilera zaharrik ere, eta argi dago horietan guztietan bertze bat dela erabiltzekoa. Zenbait adibidetan, berriz (ere) eta gisakoak ere erabil daitezke.

Hona hemen adibide batzuk:

  • * Azken orduetan 203 positibo berri atzeman dituzte > Azken orduetan 203 positibo gehiago atzeman dituzte. 
  • * Istripu berri bat izan da N-121-A errepidean > Bertze istripu bat izan da N-121-A errepidean.
  • * Gol berri bat sartu diote atezainari > Gola sartu diote berriz atezainari.

Berri izenondoa zahar izenondoaren antonimoa da. Hori kontuan hartuz, ez genuke erranen *Istripu zahar bat izan dela N-121-A errepidean edo *Gol zahar bat egin diotela atezainari.

Zenbait kasutan, ordea, biak zuzenak izan daitezke, baina adiera ere hala ulertu behar da. 

  • Proposamen berria egin digute. Nolakotasuna adierazten du: aitzinekoa bertan behera utzi dute, eta haren ordezko proposamena egin digute. 
  • Bertze proposamen bat egin digute. Zenbatasuna, kantitatea adierazten du: aitzinekoaz gain, badugu bertze proposamen bat mahai gainean. 
  • Hiztegi berri bat erosi dugu. Berri horrek nolakotasuna adierazten du. Lehengo hiztegia zaharkiturik gelditu da.
  • Bertze hiztegi bat erosi dugu (zenbatasuna): Lehen hainbat hiztegi genituen eta orain bat gehiago erosi dugula adierazi nahi du. 
  • Hautagaitza berri bat aurkeztu dute kontseilurako (nolakotasuna). Lehengo hautagaitza berritu egin dutela adierazi nahi du.
  • Bertze hautagaitza bat aurkeztu da kontseilurako (zenbatasuna). Lehendik aurkeztuak ziren hautagaitzez gain, orain bertze bat aurkeztu dela erran nahi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun