Oro har, -ko izenlagunak kokapena adierazten du. Eta NONGO galderari erantzunez, denbora, jatorria, baita helburua adierazteko balio du: herriko karrikak, ikasturteko ateraldiak, matematikako zalantzak, Etxalarko Udala, laneko tresna, buruko mina…
-en, berriz, jabetza eta NOREN galderari erantzuteko erabiltzen da: amaren autoa, liburuaren itzulpena, atorraren mahuka, animaliaren luzera, aitaren argazkia…
Bertze batzuetan biak zilegi dira baina erranahia diferentea da:
- Euskal Herriko historia: Euskal Herrian gertatutako historia da.
- Euskal Herriaren historia: Euskal Herria subjektu duen historia da.
- Elizako isiltasuna: eliza eraikinean dagoen isiltasunaz ari da.
- Elizaren isiltasuna: eliza erakundearen isiltasuna.
- Hogeita hamar euroren gasolina: hogeita hamar euroren truke ematen dutena.
- 1,12 euroko gasolina: litroak 1,12 balio du.
- Bi euroren gaztainak: bi euroren truke ematen dituzten gaztainak.
- Hamalau euroko sagardoa: botilak edo dena delako unitateak 14 euro balio du.
Hortaz, 'bi euroren gaztainak' eta 'bi euroko gaztainak', biak zilegi dira, baina erranahia diferentea da.