Tradizioan herritar-izenak osatzeko erabili izan da gehienbat -ar atzizkia (eta -tar (-dar), -ztar aldaerak): igantziar, elgorriagar, aresoar, oiztar, oieregiar… Herriei ez ezik herrialdeei eta kulturei ere erantsi zaie, konparazio batera, Erromatar Inperioa edo txinatar kultura. Joera adierazteko ere baliatu izan da: ezkertiar, eskuindar…
Baina zenbaitetan atzizki hori oker erabiltzen da:
*Amaiurtar karrikak > Amaiurko karrikak
*Lesakar auzoak > Lesakako auzoak
*Aniztar gasna > Anizko gasna
*Valentziar laranjak > Valentziako laranjak
Euskaltzaindiak erran bezala, «erdaren bide arrunt bati itsu-itsuan jarraikiz eratuak» dira. Lekuari erreferentzia egiten diotenez, euskarazko adierazpide normalak ‘Amaiurko karrikak’ eta ‘Lesakako auzoak’ dira.
Bertzetik, -ar atzizkia leku-izenari eranstekoa denez, ez dira egokiak leku-izenaren zati bati, erdal herritar-izenari edo erdal herritar-izenaren parte bati euskal atzizkia erantsita lortzen diren hibridoak. Horren adibide dira hauek:
*Europear > europar
*Katalandar > katalan
*Pakistaniar > pakistandar
*Kanadiar > kanadar
Berriaren Estilo Liburuan ongi aski azaldua dutenez, alkate eta bertze karguak aipatzean nongo erabili behar da, ez nondar. Gauza bera gertatzen da erakundeekin.
*Alkate beratarra > Berako alkatea
*Frantziar presidentea > Frantziako presidentea
*Nafar Gobernua > Nafarroako Gobernua
*Izartxoa dutenak gaizki daude.