*Komunikabide ezberdinetan > Hainbat komunikabidetan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 7a, 12:00

Desberdin/ezberdin/diferente hitzekin maiz kalko hutsak egiten. Erdarazko diferentes, distintos, diversos edo différents hitzen erabilera batekin sortutako arazoa da. Erdaraz diferente-k, alde batetik, diferentzia edo bestelakotasuna adieraz dezake, baina bertzetik, bat baino gehiago edo guztiak zentzua ere izan dezake. Euskaraz desberdin, diferente edo ezberdin hitzek ez dute kasu guztietarako balio. Hona hemen adibide batzuk.

  • Son casas diferentes > Etxe desberdinak dira. Zuzena da, etxeak diferenteak direla adierazi nahi du.  
  • *Komunikabide ezberdinetan agertu da hori > Hainbat/zenbait komunikabidetan edo komunikabide batzuetan agertu da hori
  • *Parlamentuko alderdi desberdinak bat etorri ziren bozketan > Parlamentuko alderdiak edo alderdi guztiak bat etorri ziren bozketan.
  • *Iritzi ezberdinak daude > Badira era guztietako iritziak.
  • *Neurketak egiteko tresna desberdinak erabiltzea komeni da > Neurketak egiteko tresna bat baino gehiago erabiltzea komeni da.

*Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun