*Faltan botatzen zaitut > Zure falta sumatzen dut

Kalko ustelen bertze bi adibide aurkituko dituzu hemen: *Gaizki jokatzen dago eta *Faltan botatzen zaitut. Erne, ez dira zuzenak!

*GAIZKI JOKATZEN DAGO > GAIZKI JOKATZEN ARI DA.
Gaztelaniaren eraginez, gero eta gehiago zabaltzen ari da 'egon' aditza. Baina erabat bereiztekoak dira 'egon' eta 'ari izan/ibili/jardun'. 'Egon' estatikoa-edo da; 'ari izan/ibili/jardun', berriz, zerbait dinamikoa. Hortaz, kontraesankorra da mugimendua eskatzen duen ekintza 'egon' aditzarekin adieraztea. Kasu honetan, beraz, gaizki jokatzen ari da behar luke. Gisa berean, hala moduzkoa da 'lanean dago' esapidea ere; egokiagoak dira 'lanean da' edo 'lantokian dago'; 'lanean ari da edo lanean dabil/dihardu'.

*FALTAN BOTATZEN ZAITUT > ZURE FALTA SUMATZEN DUT.
'Bota' aditzarekin kalko semantiko desegokiak egiten dira maiz, eta horietako bat da 'faltan bota' esapidea, gaztelaniazko 'echar en falta'-tik bere horretan itzulia. Hainbat aukera daude 'faltan bota' horrekin erran nahi dena euskaraz modu egokian adierazteko:  zure falta sumatzen dut; zure hutsunea sumatzen dut.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun