Ezinegona eta haserrea pentsiodunen artean

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 10a, 10:00
Hainbatetan atera dira pentsiodunak karrikara protestan.

Joan den urteko urtarrilean atera ziren lehenbiziko aldiz pentsiodunak karrikara, pentsio sistemarekin kritiko. Protestaka segitu dute geroztik, eta karrikan egotea eta jendea kontzientziatzea lortu dutelako kontent daude. Baina oraindik ezinegona sumatzen da eurengan.

Urtebete baino gehiago pasatu da pentsio duinak eskatuz elkarretaratze eta manifestazio jendetsuak hasi zituztenetik. Pentsiodunak kexu ziren pentsio sistemarekin eta kexu dira oraindik ere, baina kontent daude egindako ibilbidearekin. «Horrelako mobilizazioak egitea eta urte osoan horrelako egoera mantentzea garaipena da. Bide onetik goaz». Halaxe adierazi digu Patxi Urrutia Amaiurko pentsiodunak eta Sasoia jubilatuen elkarteko kideak. Ez hori bakarrik. «Erabat pentsiodunen kontrakoak ziren zenbait neurri gibelatzea lortu da» eta herritarrek hartu duten kontzientzia ere nabarmendu du: «bizi duin bat izateko denok guttieneko batzuk behar ditugula ikusarazi da».

 

Eskaerak eta lorpenak

%0,25eko igoerari ezetz erratea, denentzat 1.080 euroko guttieneko pentsioa eskatzea eta pentsioen kudeaketa Nafarroan egitea izan dira pentsiodunen eskarietako batzuk. Eta urtebeteko borrokaren ondotik, emaitza batzuk lortu dira. Hala nola, Espainiako Gobernuak pentsioak KPIaren arabera igoko dituela iragarri du: 2018an %1,7 eta 2019an %1,6. Horrekin batera, guttieneko pentsioak %3 igotzea lortu dute. Alargun pentsioaren oinarri arautzailea %52tik %56ra igo zen 2018ko abuztuan eta %60ra igo dute aurten.

Bertzalde, 2013an, PPren erreforma indarrean sartu zenean, 2019an iraunkortasun faktorea aplikatuko zutela onartu zuten, hau da, pentsioa kalkulatzerakoan, 67 urtetik aitzinerakoen bizi-itxaropena ere aintzat hartzea. Alegia, herritarren bizi-itxaropena handituz gero, guttitu eginen litzateke urtero pentsioa. 2023ra arte bederen, faktore hori indarrean ez sartzea lortu dute.

Egin dena garrantzitsua da Urrutiaren irudiko, «urtetik urtera pentsioak murrizteko zuten asmoa oraingoz eten da». Baina oraindik ere eskaera zerrenda luzea da: pentsioak beti KPIaren arabera igotzea,  guttieneko pentsioak 1.080 eurora igotzea, genero arteko aldea desagertaraztea... «Gizarte justu bat lortzeko helburuarekin ari gara lanean».

 

Dirua eta borondatea

Administrazioen jarreraren harira, Nafarroako Gobernuarena ona dela dio: «pentsio apalenak diruz laguntzen ditu, eta pixkanaka goiti joan da». Eusko Jaurlaritzarekin, ordea, kritiko da: «EAJk ez du deus jakin nahi izan pentsiodunei aurrekontuetako diru pixka bat emateko proposamenaz. Kapitala defendatzen dutenak pentsioen bitartez beraien sakela haunditu nahi dute».

Espainiako Gobernuari Toledoko Ituna «apaindu» nahi izatea leporatu dio. Sei hilabetez gibeleratua du pentsioak gaurkotzeko kalkulu berria erabakitzeko epea. Baina Urrutiak erne ibili behar dela dio: «egiten dituzten mugimendu guzti-guztiak gu okertzeko dira. Hau edo hori egitea beharrezkoa dela sinetsarazi nahi digute, errealitatea gorde eta arazoa ekonomikoa dela sinetsarazi. Pentsioak ezin direla mantendu sinetsarazi nahi digute baina gezurra da». Bere irudiko, «dirua ez da inondik inora ere falta; borondatea falta da. Dirua beraien negozioetarako erabili nahi dute eta aseguru etxe eta banketxeek kudeatu nahi dute».

 

Mobilizaziorako deia

Pentsioen gaia eztabaida politikora eramatea lortu dute, eta kontent daude horrekin.Hauteskundeak ate joka daudela eta, Urrutiak pentsioen eztabaidak segitzea espero du. Pentsiodunek «pisu haundia» dutela gogora ekarri du, «%26a gara». Hor daudela oroitarazteko karrikara ateratzen segitzeko asmoa du amaiurtarrak, «jendeari hor gaudela eta arazoa ez dela konpondu jakinarazteko». Pentsionistak Martxan ekimenetik ere orain arte bezala elkarretaratzeak egiten segituko dute Donezteben, hilabeteko hirugarren astelehenetan, 12:00etan, Gizarte Segurantzaren bulegoaren aitzinean.

Urrutiak argi du mobilizazioa dela bidea, eta irtenbidea «gure esku» dagoela: «gizartea mugitzen bada pentsio duinak izanen ditugu». Hortaz egin die deia «pentsiodunei eta ez direnei», bereziki gazteei: «gaurko borroka gehienbat beraien interesen aldekoa da. Ez da jubilatuen borroka bat, langile eta jende xumearen aldeko borroka baizik». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun