Hasieratik edozeinendako ateak zabalik izan ditu Aunitz Eskuetan elkarteak, eta galdera ere ahalik eta modu zabalenean aukeratu nahi izan dute. Joan den apirilaren 13an, sei herrietako hainbat herritar Donamarian elkartu ziren eta bilera ireki hartan adostu zuten galdera: nahi al duzu nafar gisa burujabe izan etorkizuna libre erabakitzeko? 16 urtetik goitiko herritar guztiek izanen dute galdera horri bai edo ez erantzun edota boto zuria emateko aukera; antolatzaileen arabera, erantzuna edozein dela ere, galdeketan parte-hartzea delako garrantzitsuena.
Beharrezko agiriak
Guztira 2.885 herritar daude botoa ematera deituak: Donamarian 364 lagun, Donezteben 1.441, Elgorriagan 203, Iturenen 428, Legasan 201 eta Zubietan 248. Herritar bakoitzak erroldatua dagoen herrian eman beharko du botoa eta horretarako mahai bat egonen da herri bakoitzean. Bozkatzerakoan, ezinbertzekoa izanen da norbere burua identifikatu eta herri horretan bizi dela egiaztatuko duen agiria aurkeztea: NAN edo pasaportea erabil daiteke, eta gidabaimena erabiltzekotan, erroldatze-ziurtagiria ere eraman beharko dute.Igandean, 09:00etan zabalduko dituzte hautetsontziak eta 20:00 arte irekiak egonen dira.
Botoak eta ekitaldiak
Donamariarrek igandea izanen dute herri-galdeketan botoa emateko egun bakarra. Horrekin batera, eguerdian pintxo-poteoa eginen dute trikitixa doinuen laguntzarekin eta arratsaldean, haurrendako txokolatada antolatu dute.
Donezteben aitzineko asteburuan hasi ziren herritarrak botoa ematen, eta igandea baino lehen, maiatzaren 3an eta 4an berriz zabalduko dute hautetsontzia, bi egunetan 18:30etik 20:30era eliz atarian. Hala ere, igandekoa berezia izanen da, Santa Luzia plazan egonen den mahaiaren bueltan, hainbat ekitaldi prestatu baitituzte. 09:00etan irekiera ekitaldia eginen dute; 11:00 aldera kalejiran ibiliko dira herrian barna; 12:00etan herri-kirolak izanen dituzte; 17:00etan dantza saioa antolatu dute eta 18:00etan haurrendako jolasak eta mus eta partxis txapelketak eginen dituzte. Eguna borobiltzeko txistorrada antolatu dute.
Elgorriagan, joan den larunbatean ireki zuten hautetsontzia eta maiatzaren 3an eta 4an ere botoa emateko aukera izanen dute herritarrek, arratsaldez.
Igandean, berriz, Herriko Ostatu parean paratuko dute mahaia, eta aldi berean, ez dute aspertzeko astirik izanen: eguerdian aizkora apustua antolatu dute; gero, trikitilariek alaitutako bazkaria eginen dute eta arratsaldez, mus txapelketa jokatuko dute.
Iturendarrak ere joan den asteburuan hasi ziren botoa ematen. Bertze herrietan bezala, igandean ere izanen dute aukera, herriko plazan paratuko duten hautetsontzian.
Legasan, joan den asteburuan, botoak biltzen aritu ziren Kuku elkartean. Igande honetan, berriz, plazan zabalduko dute hautetsontzia. Horrekin batera, ez dute ekitaldi faltarik izanen. Goizean, murala margotuko dute eta herriko trikitilariak kalejiran ibiliko dira herrian barna. Eguerdian, kerrena eginen dute eta arratsaldean, haurren txanda izanen da, jokoak eta tailerrak antolatu baitituzte.
Zubietarrek igandea dute botoa emateko egun bakarra, eta horretarako, herriko plazan paratuko dute hautetsontzia. Horrez gain, eguerdia bitarte, trikitilariak herri bazterrak alaitzen ibiliko dira eta taloak dastatzeko aukera ere izanen dute. Arratsaldean, berriz, muxikoak dantzatuko dituzte plazan eta txokolate-jatea ere eginen dute.
Emaitzak biharamunean
Igande honetako herri-galdeketan, Malerreka eta Bertizaranako herrietan izanen diren emaitzen berri, Ttipi-Ttapak biharamunean emanen du erran.eus atarian, baita maiatzaren 17ko Ttipi- Ttapa aldizkarian ere.