Inauteriak 2025

[ARGAZKIAK]: Ihauteen azken txanpan sartu dira leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 29a, 09:30

Gaur arratsaldean Ekain pailazoak Arlote bat ikuskizuna eskainiko du Leitzan eta hala borobilduko dituzte aurtengo ihauteak Leitzan. Irudiak, berriz, atzokoak dira, eskekoak eta arratsaldean egin zuten atsaure kalejirakoak.

Argazkiak: Soro eta Pablo Feo. Bideoa: Pablo Feo.

Ostiralaz geroztik ihaute giroan murgilduak ibili dira Leitzan. Ostiralean, Erleta eskolako ikasleek hartu zuten ihauteen lekukoa eta kalejira egin zuten (Ikusi hemen argazkiak). Larunbatean eskelariak Aurrera elkartean bildu ziren bazkaltzeko, eta arratsaldean auzoetako eskea egin zuten. Gauean, berriz, Atekabeltzen festa izan zen.

Igandea ere egun handia izan zuten leitzarrek, irudimenari eragin eta mozorro ikusgarriak eta karroza ederrak jendaurrean atera baitzituzten, beste behin, gozatuz eta gozaraziz (Ikusi hemen argazkiak). Bazkalorduan, 40o lagun inguru bildu ziren kiroldegian egin zuten bazkarian eta festa ederra jarri zuen Incansables txarangak bingo musikatuarekin. Eguna borobiltzeko, Joxe Mendizabalek emanaldia eskaini zuen karrapean.

Astelehenean, Gorriztaran, Arkixkil, Erreka eta Sakulu auzoetako eskea egin zuten txistulariekin eta Incansables txarangarekin (Ikusi hemen argazkiak). Eta horrez gain, kalejira eta karrapean musika izan zituzten.

Atzo ere eskean atera ziren, kasu honetan, Erasote auzoan, herriko txistulariekin (Ikusi hemen argazkiak). Arratsaldean, berriz, atsaure kalejira egin zuten herriko musikariekin eta gauean erromeria karrapean.

Gaur arratsaldean Ekain Ibarguren pailazoak Arlote bat ikuskizuna eskainiko du Leitzako Herri Aretoan, 17:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun