Inauteak 2025

Erasote auzoan eskean ibili dira gaur leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2025eko urtarrilaren 28a

Atzo Gorriztaran, Arkixkil, Erreka eta Sakulu auzoen txanda izan zen, eta txistulariekin eta Incansables txarangarekin eskean ibili ziren Leitzako ihauteetan. Gaur, berriz, txistulariak lagun, Erasote auzoan egin dute eskea.

Argazkiak: Soro.

Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara, puzgarriak izanen dituzte pilotalekuan, eta 18:30ean atsaure kalejira hasiko da plazan, herriko musikariekin. Kalejiraren harira, ALKE Altzadi Leitzako Kultur Taldeak «etxetik atsauretuta» joateko gonbita egin du; hau da, «aurpegia zapi batez estali edo belztu, eta, zaku, trapu zahar, zintzarri, luma, makila, maskuri edota sarde batekin kalejiran eta festan parte hartu».

Eguna borobiltzeko, 20:00etatik 21:30era eta 23:30etik 01:00etara Muxutruk erromeria taldea ariko da karrapean. Eta bihar arratsaldean, 17:00etan, Ekain pailazoak eskainiko duen Arlote bat ikuskizunarekin borobilduko dituzte Leitzako ihauteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun