Ilbeltzeko laugarren igandea iristen denean itxura berezia hartzen du Leitzako Kale Nagusiak. Espaloiak harmail eta errepidea oholtza bihurtuta, ihauteetako magia lehertzen da. Gurdi ikusgarriekin, mimoz ikasitako dantza saioak eskainiz edo gauza gutxirekin artelanak sor daitezkeela erakutsiz. Irudimena dantzan jarri eta dena da balekoa, helburua ongi pasatzea denean.
Hala, barrenak goxatzeko gaztaina erreak eta sagardo frexkoa ez ziren falta izan. Aterki saltzaileek uste baino lan gutxiago izan zuten eta dantzan pasa zituzten orduak. Suteen beldur, Printzesen gazteluaren atzetik joan ziren suhiltzaileak. Mexikoko Hilen Eguna, Corpus Eguna eta Elektroparrandakoak jo eta su ibili ziren kantuan eta dantzan. Leitzanautak, Zetak, Aitazon, Wazemank, baserritarrak, Curlingeko jokalariak, Up filmeko pertsonaiak, Heidi... izan ziren mozorroetako batzuk eta kale garbitzaileak ere ez ziren falta izan: Leitza garbiko langileek eta Mendikalteak Mankomunitateko kamioiak izan zuten zer bildua.
Pablo Feok egindako bideo honetan ikus daiteke eguerdiko giroa.
Bazkalorduan, 40o lagun inguru bildu ziren kiroldegian egin zuten bazkarian eta festa ederra jarri zuen Incansables txarangak bingo musikatuarekin. Eguna borobiltzeko, Joxe Mendizabalek emanaldia eskaini zuen karrapean.