«Lan hitzarmen duin baten aldeko» borrokak ez du etenik Leitzako Torraspapel lantegian. Ilbeltz hondarrean eta otsail hasieran egindako bost eguneko grebak (ilbeltzaren 30ean, otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an) ez dute fruiturik eman, ezta astelehenean zuzendaritzarekin egindako bilerak ere. Eta hala, enpresa batzordeak greba mugagabea hastea erabaki du, langileen gehiengoaren aldeko botoekin.
Atzo egin zituzten batzarrak, eta 380 langileko erroldatik 286 lagunek parte hartu zuten: 258 langilek greba mugagabeari baiezko botoa eman zioten, 19k ezezkoa, zazpi boto zuri izan ziren eta bi baliogabeak. Gaur komiteak egin duen prentsaurrekoan, «greba deialdiak jaso duen babes zabala» azpimarratu du, eta zera gaineratu du: «babes horrek argi erakusten du langileen gehiengoak ikusten duela Torraspapel enpresak ez duela langileen eskariei irtenbide bat emateko asmorik, nahiz eta irabaziak izaten jarraitzen duen».
Komiteak gogoratu du, «urteak» daramatzatela enpresarekin akordioak lortzen. «Akordio hauek, jubilazioen eta inbertsioen aitzakiarekin, soldatak gehiegi ez igotzea ekarri dute, baita urte askotan lanaldia ez murriztea ere». Hori horrela, lan hitzarmenaren negoziaketan komiteak jarritako helburuak aipatu dituzte: «langileen erosteko ahalmena mantendu eta igotzea Leitzako irabaziak hobeto banatuz; lanorduak gutxitzea langileon bizi kalitatea eta kontziliazioa hobetuz; ETT bidez egindako kontratazioak mugatzea; kategoria baxuenen egoera hobetzea eta horrekin batera genero arteko desberdintasuna amaitzea; baimenak hobetzea gizartean dauden errealitate berriak aintzat hartuz eta ultraktibitate mugagabea».
Astelehenean zuzendaritzarekin izandako bileran, «atzerapauso» eman zutela ere adierazi du komiteak gaurko agerraldian. «Gainera, bilera horretan, produkzio eta eskarien jaitsiera dela eta, lantokiko sekzio batean bi txanda kentzeko aukera zegoela esan zuen zuzendaritzak». Komitearen irudiko, «neurri honekin adostasunak erraztu beharrean, zaildu egiten ditu, eta enpresaren beste presio neurri bat dela uste dugu».
Ostiralean berriz bilduko dira zuzendaritzarekin, eta akordiorik ez badago greban jarraituko dutela berretsi du komiteak. «Bide batez, borroka honekin bere elkartasuna eta konpromisoa erakutsi nahi duten guztiei larunbatean eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu». Manifestazioa lantegi sarreratik abiatuko da.
Ondoko egunetan izanen diren mobilizazioak
- Otsailaren 24an, 07:30ean hitzordua lantegian eta 09:30ean txistor jatea.
- Otsailaren 25ean, 07:30ean hitzordua lantegian.
- Otsailaren 26an, 12:00etan manifestazioa.