Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Gezurrak, manera txarrak eta energia koloniak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 5a, 10:00

Baztango Talde Ekosozialaren ekimenez, Markel Peñalbarekin solasaldia egin zuten Elizondon eta horrekin kritiko mintzatu ziren Irantzu Piquero eta Matthias Krüger abendu hondarrean Makroberriztagarrien saltzaile ibiltariak artikuluan. Idatzi horri bueltan erantzun zioten talde ekolosozialetik eta azken horri emandako erantzuna da Haize Berriak-eko Piquero eta Krügerrek egindako hau.

Baztango Talde Ekosozialak, argudio onik ezean, gezurtiak garela leporatu digu. Hizlari gonbidatuak ez omen zuela erran errandakoa. Haserretu egiten dira haien etorkizuneko bertsioa argitara ateratzen dugulako: landa lurralde industrializatu bat. Hori baita makroberriztagarriek erran nahi dutena.

Gutunean, bere baieztapen batzuk ukatu dituzte, eta nahastu egin dira guk errandakoak gezurtatzen saiatuz, guri arrazoia emanez. Eta Mondragon Taldearen eta Statkraft enpresa eolikoaren artean dagoen lotura… mundu guztiak daki, benetakoa dela.

Hor doaz horri buruzko lerro labur batzuk, eta bide batez, kalitatezko informazioa ematen segituko dugu, propaganda pro-eolikoaren kontra.

Gezurrak

Aunitz ziren gure artikuluan zerrendatzen genituen alderdiak. Hemen dituzue irakurgai.

Dena dokumentatuta dago, iturriak eska ditzakezue.

Autobide energetiko bat eraikitzen ari dira penintsulatik Frantziara. Euskal Herritik igaro eta Bizkaiko golkoa zeharkatuko du. Elektrizitatearen Garraio Sareen Kudeatzaileen Europako Sareak ohartarazi duenez, sistema horren hutsunea hain da handia, ezen elektrizitatearen galera % 85era igotzen baita.

Hau da, hamar errotetatik zortzik alferrik sortzen dute elektrizitatea.

Baztango Talde Ekosozialak dioenez, errota batek espazio ttiki bat bakarrik hartzen du (oinarria). Arrasto gisa, Britainia Handiko poligono eolikoek lurraren azalera nazionalaren % 1-2 baino ez dutela hartzen erran digute.

Baina guk errandako gauza bera errateko bertze modu bat bertzerik ez da: britainiar lurraldearen % 1-2 horrek 15-30 Ha-ko afekzioa eragiten baitu instalatutako potentziaren megawatteko (datuak Wikipedian). Hau da, Espainiako Trantsizio Energetikoaren Ministerioak adierazitako 32 hektareen inguruan.

Neurri horien munstrokeria irudikatzeko: 50 megawatteko poligono batek –Azkuko eremurako daukagun mehatxua bezala–, zuzenean eraginen lioke 50 x 32 Ha-ri (1.600 ha), hau da, Etxalar osoaren azaleraren heren bati.

Haran horietan guztiok dakigu ez dela errotaren egitura bakarrik. Eraikuntzako garabiarentzat zementuzko plataforma gehitu behar da, 400 m2 ingurukoa errota bakoitzeko, 7-13 metroko zabalerako pista zementatuen kilometro-sarea (bihurgune zabalenetan), lurpeko kable-tunelak, goi tentsioko eta hagitz goi tentsioko lineak, azpiestazio elektrikoak, etab. Hori guztia jendea bizi den lurretan eta herri lurretan. Gure herrietara ura eramaten duten iturburuak dauden lurretan eta haiek arriskuan jarriz.

Industrialde bakoitzeko milaka tona zementu horiek fosil energia kantitate hagitz handiak irensten dituzte eta CO2 isurtzen dute.

Eskozian bortz milioi zuhaitz moztu dituzte, haien ordez poligono eolikoak jartzeko. Basoak moztuz gero, CO2 hustubide naturalak ezabatzen dira, eta, bide batez, ekosistema osoak suntsitzen dira. Klima salbatu nahi dute horrela?

Eta honekin amaitzeko: Talde Ekosozialak konparazio bat egiten du instalazio industrial eolikoek eta «familia bakarreko etxebizitzek eta horietarako bideek» hartzen duten espazioaren artean. Geure buruari galdetzen diogu: Zer erran nahi dute? Bordatan, etxe eta baserrietan bizi garenok  (hirietatik kanpoko Euskal Herriko bizimodu tradizionala) leku gehiegi hartzen dugula? Erran nahi al dute, agian, turbinak eta fotovoltaikoak pertsonak, gure bizitzak, baino garrantzitsuagoak direla? 

Manera txarrak

Ez zaie adeitasunez eta manera onez erantzuten zure bizitza eta lurraldea mehatxatzen dutenei. Irmo, argi eta datuekin erantzun behar da. Zuzenean eta duintasunez erantzun, ez harria bota eta eskua ezkutatzen duen hizkera bikoitzarekin.

Zer da energia kolonialismoa?

Jarraian datozen datuak ia modu literalean datoz Kolonialismo energetikoa izeneko ikerketa batetik. Trantsizio energetiko korporatiborako sakrifizio-lurraldeak Espainian, Mexikon, Norvegian eta Mendebaldeko Saharan (Icaria argitaletxea). Egiletza kolektiboa da, bertzeak bertze, Josefa Sánchez Contreras, Alberto Matarán eta egile ezagunagoen lana da, hala nola, Antonio Turielena. Ikusiko dugu hemen gertatzen ari dena «eskuliburu» batekoa dela.

Irtenbide posible bakarra izanen balitz bezala, goitik eta kanpotik interes ekonomiko handiek inposatutako trantsizio eredua hartzen ari gara. Horri trantsizio korporatiboa deitzen zaio.

  • Trantsizio korporatiboa epe laburrekoa da: agudo-agudo egitera bultzatzen dute (orain, «orain, baina orain, atzo» erraten zuen Peñalbak...) baina inor ez da onuragarri aterako, eta bitartean, benetako trantsiziorako beharrezkoak diren funtsezko baliabideak xahutzen dituzte.
  • Komunikabideek, eta alderdi eta kolektibo batzuek intoxikatzen dute eztabaida hori. Modu «positiboan» pozoitutako lengoaia baten bidez, «% 100 berriztagarriak» eta «berdeak» diren «energia elkartasunaz»eta «deskarbonizazioaz» solas egiten dute. Gero eta gehiago, halaber, desazkundeari buruz solas egiten dute. Eta horixe da guk nahi eta bilatzen duguna. Baina, bere benetako proposamena da energia kolonia berriak sortzea eta landa lurraldea industrializatzea.
  • Indarkeria instituzional eta burokratikoaren bidez sortzen dituzte. Bazterrak nahasten dituzte, makroberriztagarrien aldeko informazio faltsua emanez. Energia fosilekiko mendekotasuna duen tekno-baikortasunarekin desinformatzen dute. Paradigma berarekin segitu nahi dute: aurrerapenaren mitoarekin, betiko hazkundearekin eta abiadurarekin.
  • Lurraldearen aldeko tokiko mugimenduei egoismoa leporatzen digute, herritarren energia premien aurrean eta klima aldaketaren aurkako beharrezko borroka geldiarazten ari garela. Horrela, gezurrekin, lurralde subiranotasuna defendatzen dutenen gizarte prestigioa galtzea bideratzen dute, eta bidezko trantsizio ekologikoa artikulatzeko aukerak murrizten dituzte. Estrategia horrek aunitzetan inposatutako makroproiektuekin ados ez dauden pertsonen aurkako jarrera bortitzak eragiten ditu. Iruzkin xenofoboak ere egon ohi dira eremuaren defentsan borrokatzen dutenen aurkako erasoen zerrendan.
  • Makroproiektu horiek beren lurrak eta ondasunak kentzen dizkiete landa eremuko biztanleei (irakurgai artikulua), eta, ondorioz, baita hirietako biztanleei ere –horiek ere landa eremuaren mende baitaude elikagaiez hornitzeko. Onurak eta baliabideak urrutiko bertze leku batzuetara eramaten dituzte. Gure kasuan: energia elektrikoa Alemaniara eta Frantziara eramateko sortzen da. Eta Hegoalde Globala ustiatzen eta espoliatzen segitzen dute, beren makroproiektu berriztagarriak eraikitzeko. Ustiatzen eta espoliatzen segitzen dute, beren makroproiektu berriztagarriak eraikitzeko.
  • Atzerriko edo lurraldetik kanpoko enpresei egiten diete mesede. Statkraft bezala: enpresa norvegiarra.
  • Ingurumen inpaktuak eta lurralde komunalen gaineko inpaktuak izugarrizkoak dira.
  • Botere eta enpresa handiak lehenesten dira, gure dirulaguntzekin aberasten baitira.
  • Haientzat sakrifizio lurraldeak baino ez gara. Gorpuak bidean.

Etorkizunari begira, premiazkoa da lur emankorrak eta bioanitzak babestea eta mantentzea. Makroberriztagarriek suntsitu egiten dituzte. Lurraldeak bakarrik berma dezake gure biziraupena aldaketaz betetako orainean-etorkizunean. Bertan, benetako trantsizio bat diseinatu eta eredu ekonomiko berri bat irudika daiteke. Hurbileko energiarekin, hurbiltasunean kontsumitzen dena, hurbiltasunean sortzen dena, hurbileko materialak eta hurbileko teknologia erabiltzen dituena.

Gure bizitza birpentsatu behar dugu. Egia erran, ez dugu hainbertze energia behar. Gainera, esportatzen ari gara.

Behar dugunak, benetan behar dugunak, ez du diru baliorik.

Landa lurraldearen defentsaren alde. Eta hego haizeak eraman ditzala bere errotak eta plakak!

Haizeak Bizirik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun