Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Baztango Talde Ekosozialaren erantzuna Irantzu Piquero eta Matthias Krügerri

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 28a, 10:00

«Irantzu Piquerok eta Matthias Krügerrek argitaratutako eskutitzari buruz, eta bertan erraten diren gezurrak eta tonu iraingarria dela eta, erantzutea ezinbertzekoa da» dio Baztango Talde Ekosozialak. Hona zer dioten:

Lehenik, eskutitzeko tonu iraingarri eta errespetu gabeko hori bera da salagarria, hori bera erabili zuten Elizondoko mintzaldian, eta hori onartezina da. Egia errebelatu eta iluminatu baten mezulari gisa gainerako guztiak norbaiten faboretan ariko bagina edo zozoak izanen bagina.

Bai hizlariari bai Talde Ekosozialeko kideei enpresa eolikoen zerbitzura egoteaz edo erosita egoteaz akusatu gintuzten, gezurra izateaz gain akusazio arras larria dena. Eroskeria eta susmoak hedatzen denok badakigu, horregatik, ez da atzentzen ahal 1980. hamarralditik eta lehenagotik petrolioaren industria aldaketa klimatikoaren jatorri antropogenikoa ukatzeko egiten ari den lana eta horretarako erabili duen dirua jendea erosteko… Eta, orain, gutuneko sinatzaileen gisan, deskarbonizazioaren beharra trabatzeko?

Hori erranik, beren eskutitzean zuzenean gezurrak diren aipamenak egiten dituzte, adibidez, inork ez zuen erran Covid garaiko hetsialdia zoragarria izan zenik. Kontrakoa baizik. Ez zela desiragarria. Eta hetsialdian CO2 isuriak % 5 bertzerik ez zirela gutitu. Hori guztia egin beharreko aldaketen neurria irudikatzeko, eta erronka bistaratzeko.

Bertze gezur bat: inork ez zuen gure lur emankorrak zementuz estaltzeko aldarririk egin, ezta gure oihanak erauzteko ere. Britainia Handiko datu bat eman zuen, erranez berriztagarrietan oinarrituriko sistema bat edukiz gero, lurraldearen % 1-2 beharko litzatekeela horretarako, betiere ezarpenaz ari garela. Gure lurraldean familia bakarreko etxeek eta horietarako bideek lurraldearen ze portzentaje hartzen duten kalkulatzera ausartuko ginateke?

Gezur gehiago: energiaren garraioan % 85eko galerak daudela diote, baina, Daniel Perez Rodriguez Kataluniako Generalitateko Energia enpresa publikoaren zuzendariaren arabera, % 3koak dira (1.000 km-ko). Eta, hori Joule efektuarengatik da, intentsitatea eta potentzia kudeatzeko. Gezurrekin jarraikiz, 5 MW-ko errota batek 160 hektarea hartzen duela. Aski da haize errota baten oinarrira hurbiltzea ikusteko hartzen duen lur zatia.

Kolonia energetiko bihurtu nahi gaituztela diote. Ez genuke ahantzi behar, lehenik eta behin, gu kolonialista energetikoak garela (gure energiaren % 80 kanpotik ekarria da). Elektrizitate soberakinak ditugula diote, baina Hego Euskal Herrian berriztagarriak guztizko energiaren % 14 baino ez dira. Burujabetza berriztagarri batetik arras urrun gaude.

Horiek gutunean errandako gezur mukuruaren adibide batzuk, bertzerik ez.

Bertzalde, Baztango Talde Ekosozialari buruz itsuski mintzo baitira, erran behar da Baztango Talde Ekosoziala aspaldi ari dela oraingo elikadura eta energia sistemari buruzko gogoeta kritikoa bultzatzen: Caparrosoko makrobehitegiari buruzko mintzaldi eta mobilizazioak, energia-sistema publifikatzeko elkarretaratzeak eta kanpainak, eta bertze gai ekosozial aunitz ere, gure ahalmenen arabera betiere. Horregatik da Baztan arazo ekosozialak modu sistematiko eta jarraituan lantzen duen Euskal Herriko herri gutti horietako bat.

Hemen kontua da proposatzen ditugun alternatibak munduan gauden 8.000 milioi biztanleei buruz egiten ditugun edo hautatuendako bakarrik. Talde bezala, aspaldi da desazkunde eta soiltasunari buruz kezka publikoa plazaratzen ari garela, bizimodu neurritsuen beharra planetaren muga biofisikoen barnean… Eta horrek, kapitalismoa gainditzea erran nahi du. Ekonomiaren kontrol herritarra, planifikazioa, herritarren beharrak kontuan hartzea… Eta pentsamendu kritiko zorrotz eta enpiriko bat. Hori da gure ildoa. Aspaldiskotik, erran bezala.

Bukatzeko, Talde Ekosozialeko kideek espresuki gonbidatu genituen eskualdeko plataformak, eztabaidarako aukera izan zedin. Horretarako tarte gehiago egonen da, baina, gure ustea da, hala erran baitziguten, mintzaldia eskertu zutela, proiektu zehatzen gainean bakoitzaren iritzia gorabehera. Solasaldian errandakoaren laburpen bat erran.eus-en bertan atzeman dezakezue.

Gutun horretako irainek herri hauetako harreman onak zakartu bertzerik ez dute egiten. Etsaiak bertze batzuk dira.

Baztango Talde Ekosozialean uste dugu trantsizio ekosozialaren erronka ikaragarriari buru egiteko osasuntsuena gure artean eztabaida zintzoak izatea eta elkar laguntzea dela.

Baztanen, 2023ko abenduaren 26an.

 

Joseba OTONDO
Baztango Talde Ekosoziala

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun