«Trantsizio energetikoari buruzko gogoeta bultzatzeko» asmoarekin, Elizondon izan zen abenduaren 15ean Markel Peñalba ingeniari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Klimaren beroketaren arriskuak saihesteko, «CO2 isuriak ezabatzea eta energia berriztagarriak bultzatzearen garrantzia» izan zen mintzaldiaren ardatza, «aipamena eginez energiaren kontsumo gutitzeari eta Iparraldeko herrialde aberastuen desazkundeari».
Nahiz eta klima ikuspegi historiko eta geologikotik etengabe aldatu, «oraingoan aldaketa denbora tarte aski laburrean gertatzen ari da, XIX. mendeko industrializazioaz geroztik, gizakiengatik, zientzialariek baieztatu duten moduan». Larrialdi klimatikoaz gain, «biodibertsitatearen galera handia aipatu zuen, eta gibelerat bueltarik gabeko hainbertze ataka, gaurgero gainditzeko puntuan direnak: Siberiako permafrostaren urtzea, Amazoniako oihanaren ezabatzea…».
Bertzetik, «berotze globalaren arduradun nagusiak Iparraldeko herrialde aberastuak direla erran zuen, baina ondorio handienak hegoaldeko herrialde pobretuek biziko dituztela. Gainera, belaunaldien ikuspegitik, 2020an sortu direnek honen guztiaren ondorioak gogorrago jasanen dituzte. Ondorio saminenak saihesteko, mendearen akaberarako, beroketa 1,5º baina handiagokoa ez izateko erronka finkatu zuen 2015eko Parisko Klima Konferentziak. Haatik, ez dela beteko iduri du». Hala ere, «gradu hamarren bakoitzarengatik aritu beharra dago, garrantzitsua baita gauzak gehiago ez makurtzeko».
Azken berrehun urteetan «Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako herrialdeetako energia kontsumoa izugarri haunditu da. Energiaren eskuragarritasunak ongizatean eragina du, horregatik, herrialde aunitzek beren kontsumoa haunditu beharko dute gutieneko bizi baldintzak lortzeko, eta bertze batzuetan kontsumoa gutitu beharko da». Euskal Herri osoko datuen faltan, «EAEn energia kontsumoaren % 90 kanpotik heldu dela erran zuen, eta bertan produzitzen den % 10 horren gehiena ez da berriztagarria».
Hori dela eta, «energia berriztagarriak garrantzia berezia du, CO2 isuriak aise ttikiagoak dituelako eta azpiegiturek ikatz, petrolio edo gasaren errealdia baino gehiago irauten dutelako». Energia berriztagarriek elektrizitatea sortzen dute, «eta elektrizitatea gure energiaren kontsumoan % 29 bertzerik ez da, eta horretan, berriztagarrien portzentajea % 30ekoa».
Eskala haundiko berriztagarriek «eztabaida pizten dutela onartu zuen. Lurraren erabilerari dagokionez, berriztagarrien oinarritutako sistema batek lurraldearen % 1-2 hartuko lukeela erran zuen, betiere ezarpenaz ari garela. Datua Britania Handian egindako azterketa batekin hornitu zuen, bertako golf zelai guztiek berriztagarriek beharko luketena baino lur gehiago hartzen dutela erakusten duena. Gainera, berriztagarriek ez dute inguru guztia hartzen, horregatik, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin bateragarriak izaten ahal dira».
Honez gain, «literatura zientifiko nagusiak erraten du eskas diren berriztagarrien azpiegiturak ordezkatzeko material aski badagoela erraten du, eta berriztagarrien beharretarako meatzaritza aise ttikiagoa dela». Paisaia solasbide hartutik, «lurraldeari buruzko lotura afektibo eta emozional sakona kontuan hartzekoa dela erran zuen, eta gogoeta egin behar dela, beharrezko aldaketa geldiarazteko aski arrazoi ote den erabakitzeko».
Gaur egungo erronkarik haundiena «erregai fosiletan errotutako sistema aldatzea dela erran zuen. Lurpean utzi behar dira atzemandako petrolio, ikatz eta gas hobi eta mea gehienak eta berriztagarriekin hornitu gure bizitzarako beharrezkoak diren energia jarioak: argindarra, ur edangarria, osasungintza, industria…». Gainera, «energiaren kontsumoa gutitu behar dela azpimarratu zuen. Euskal Herrian energiaren kontsumoa % 50 gutituko balitz ere, eta hori ikaragarria litzateke, berriztagarrien ekoizpena bortz aldiz handitu beharko litzateke, gutti goiti-beheiti 14 GW gehiagotan. Eta handitze hori ezinezkoa da etxeetako teilatuetan eguzki plakak bakarrik paratuz, gure kontsumoaren portzentaje ttiki baterat bertzerik ez baitira ailegatzen».
Azkenik, Talde Ekosozialak azpimarratu du, «bistan denez, aipatutako guztiak ez duela erran nahi edozein proiektu edozein baldintzatan onartu behar denik. Baina gogoetarako marko egokia eskaintzen ahal du».