Goldatz Talde Feministak botatako txupinazoarekin hasi dira Berako bestak

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 2a, 14:00

Gaur hasi eta igandera bitartean San Esteban bestak izanen dira Beran. Giro ederrean hasi dituzte bestak beratarrek, eta jende aunitz  bildu da txupinazoan.  Ortziralean eta larunbatean Bestabus zerbitzua izanen da.

12:00ak puntuan Goldatz Talde Feministak botatako txupinazoarekin hasi dira Berako bestak. Horren aitzinetik, ordea, ahantziei omenaldia egin diete 11:30ean Herriko Etxeko plazan. Ohi bezala omenaldi xumea egin diote 1936an herritik kanporatu zituztenei.  Txalaparta doinuekin hasi da ekitaldia, Nahia Senper Mazizior eta Amaia Monasterio Mazizior aritu dira jotzen. Jon Abril Olaetxeak hartu du hitza gero, eta 1936ko abuztuaren 2an Beran gertatutakoa izan du hizpide.

Aitor Elexpuru Egaña alkatea ere mintzatu da eta oroitarazi du Argaitzeko harrobia Nafarroan fusilatu gehien izan zen lekua izan zela eta Berako Udalak memoria historiako lantzeko duen prestutasuna berretsi du. Ondotik, Izaskun Zubieta Albisturrek eta Jon Zelaieta Altzurik aurreskua dantzatu dute, Naroa Otamendi Abril txistularia lagun zutela. Ekitaldia bukatzeko lore eskaintza egin dute Estitxu Pinatxo Olaziregik Isiltasuna kanta abesten zuen bitartean.

Omenaldiaren ondotik,  12:00etan ailegatu da txupinazoa botatzeko momentua. Amaia Urkitzak Goldatzen izenean bestak zoriontsuak opa dizkie herritarrei. Txupinazoa botatzea ohorea dela erran du, eta nabarmendu du «goldeak egiten duen gisan dena iraultzen» jarraituko dutela. Erasorik gabeko bestak ere eskatu ditu. Ondotik, 12:00ak puntuan Goldatzen izenean Mariasun Lukanbiok bota du bestak hasi dituen suziria.

Incansables txarangaren doinuek alaitu dute plaza, eta goxokiak eta txanpaina bota dituzte. Erraldoien Konpartsa ere atera da karrikara, eta Herriko Etxetik karrikaz karrika joan dira Altzateraino.

Berako Erraldoiek Konpartsa dantzan.

Arratsaldean izanen du segida egitarauak:

  • 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute.
  • 19:00etan  Berako txistularien kalejira Illekuetatik herriko plazara.
  • 19:00etan txosnen irekiera Toki Onako patioan.
  • 19:30ean kontzertua Toki Onako patioan Akerbeltz taldearekin.
  • 21:00etan dantza herrikoiak Altzateko karrikan.
  • 23:30ean Akerbeltz taldearen kontzertua Toki Onako patioan.
  • Egun osoan Incansables txaranga karrikaz karrika ariko da. 

Bihar izanen da bestetako egun haundia, San Esteban eguna:

Abuztuaren 3a, ortzeguna

  • 09:30ean txistulariek diana joko dute; Ezpelur gaiteroek herrian barna joko dute.
  • 10:30ean meza nagusia Esteban Donearen ohoretan Berako Abesbatzak lagunduta.
  • Meza ondotik,  Gure Txokoa Dantza Taldeko kideek Berako Makil Dantzak eta Bordon Dantza dantzatuko dituzte txistularien laguntzaz.
  • Gero, Miren Amuriza eta Josu Sanjurjo bertsolariek kantatuko dute Herriko Etxeko arkupetan.
  • 13:00etan Ezpelur gaiteroak Ibardinen ibiliko dira.
  • 17:00etan Incansables txarangak San Jose zahar etxean joko du.
  • 18:00etan Gure Txokoa Dantza Taldeak Berako Aurreskua dantzatuko du Herriko Etxeko plazan txistularien laguntzaz. Gero, Berako Bandaren kontzertua Herriko Etxeko plazan.
  • 21:00etan Dantza herrikoiak Altzateko karrikan Ezpelur gaiteroen laguntzarekin.
  • 23:00etan su artifizialak Matzada futbol zelaitik Zaragozana pirotekniaren eskutik.
  • 23:30ean DJ Bull Toki Onako patioan.

Egitarau osoa ikusteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun