Bestak 2023

«Erasotzaileek ez badakite erasorik gabe besta egiten etxean gelditu daitezela»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 31a, 10:20

Abuztuaren 2ko 12:00etan lehertuko da besta Herriko Etxeko plazan, eta Goldatz herriko talde feminista izanen da aurten txupinazoa pizteko arduraduna. Besten antolatzailek aitortza egin nahi izan diete emakumeen borrokari, eta  baita Goldatzek bere sorreratik egin duen ibilbideari ere. 

2015eko udan sortu zuten herriko emakume batzuek Goldatz, «ezinegon komun batetik abiatuta, antolatu beharra sentitu baitzuten». Geroztik dozenaka izan dira antolatu dituzten ekintzak, aldarrikapena oinarri hartuta. «Formakuntza feminista bultzatu, elkarrekin ahaldundu, ekintza desberdinak antolatu eta izandako eta salatutako erasoei erantzuna eman». Hori izan da zortzi urte hauetan Goldatzek egindako lana «Beran, feministon presentzia bermatzea». 

Bi astetik behin elkartzen dira eta 6-7 lagun ibiltzen dira talde eragilean «etengabeko dinamika bultzatzen». Eragiteaz arduratzen den taldeaz harago, «sare zabal bat dugu ekintzen berri eman eta momentu esanguratsuetan aktibatzeko». 

«Erasotzaileek ez badakite erasorik gabe besta  egiten etxean gelditu daitezela»

Azken asteetan, gainera, tokatu zaie karrikara ateratzea, izan ere, urtea hasi denetik 4 emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta hilketa horiek denak salatzeko karrikara atera dira. «Erantzunik gabe erasorik ez dugula onartuko esaten dugu eta hori betetzen dugu herri mailan. Karriketan aldarrikapen feministen presentzia ezinbertzekotzat dugu». 

Argi diote «matxismoak hiltzen jarraitzen duela». Hori aldatzeko,  sistema errotik aldatu behar da eta hori «antolakuntza feministatik egitera goaz». 

Ohorea

Besten hasierako suziria botako dute aurten, eta  «ohorea» izanen dela diote, «Berako herriak egin dugun lanari balioa ematea» delako. Suziria pizteko momentua ere nolakoa izanen den aurreratu dute «suziria botatzea kolektiboa izanen da, hori baita gure ardatzetako bat, elkarrekin ahaldundu eta talde indarra sustatzea». 

Suziria botatzeaz gain ere parte hartuko dute herriko bestetan, «herriko besta batzordean egoteaz gain, txosna batzordearen parte» ere badirelako.  «Erasoen kontrako protokoloa herri osora zabaltzen dugu eta erasoen kontrako mahaian parte hartzen dugu» azaldu dute Goldatzeko kideek. Helburu argia dute bestetan ere, «denontzako segurua diren eta eredu feminista duten bestak bultzatzea».

Erasoen kontra, erantzuna

Hori lortzeko bidean, ordea, urratsak egiteke daudela uste dute, iazko bestetan adibidez eraso ugari izan eta salatu zituztelako hainbat emakumeek. Uste dute, gainera, bestetan erasoak «areagotu» egiten direla.  Eraso bat izaten den aldiro, «protokoloa aktibatzen dugu, eta erasoaren intentsitatearen arabera erantzuna ematen dugu». 

Besten atarian, erasotzaileei eta horien konplizeei  mezu argia luzatu diete: «Ez badakizue erasorik gabe besta egiten, gelditu etxean». Horiez harago, ordea,  «inor jazarri gabe besta egin nahi duen edonor ongi etorri izanen da».

Bestetan  ongi pasatzeko deia egin dute:  «Gozatu herriko bestez. Gora borroka feminista! Gora Goldatz!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun