Bestak 2023

«Esperientzia kuriosoa izan zen iaz bestak lehengoz zinegotzi gisa bizitzea»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 31a, 11:00

Berako bestak maite dituen beratar gaztea». Halaxe deskribatu du bere burua Patxi Castillo Graziarenak. Urte aunitzez Gure Txokoa Dantza Taldeko  dantzaria izana da, eta aurten bigarrengoz biziko ditu bestak udal ordezkari bezala, 2021eko abendutik baita bertako zinegotzi

 Herriko bestak ttikitatik «sutsuki» bizi dituela dio, bestetako ekitaldi gehienak ikusten edo horietan parte hartzen saiatzen baita. «Herria mugimenduan egoten da, giro onean», horixe nabarmendu du.

Bestetan dantzari aritzen zenekoak, horiexek ditu herriko besten lehen oroitzapenak Castillok: «Bortz edo sei urterekin sartu nintzen taldera eta San Esteban eguneko Makil dantzak dantzatzen edo dantzatzen saiatzen nituenekoak ditut lehen oroitzapenak». Jaialdia, barrakak, kukaña... Horiek ere baditu gogoan. «Besta aitzinetik barrakak paratuak izaten ziren eta igerilekutik bueltan pasatzen ginen bertatik». 

«Baserri auzoetara bestak eramateko modu bat dira dianak eta harrena bikaina dute»

Bereziki gogoan ditu dantzari gisa bizitako bestak, eta baita besta aitzineko hilabeteak ere, batez ere uztaila, prestaketetan ematen zutelako.Herriko bestetako bortz egunetatik bi dantzan zentratuak izaten zirela dio, baina, gainerako hiru egunak ere «kuadrillarekin baino dantza taldeko jendearen pasatzen genituen. Azkenerako besta guztiak dantzaren bueltan izaten ziren». Dantzak presentzia berezia duela dio bestetan, ez beretzat bakarrik, baita herrian ere, bere irudikoz gero eta gehiago baitira egunero egiten diren dantza herrikoietan parte hartzen duten herritarrak. 

Ardura gehiago

Gaur egun «desberdin» bizitzen ditu besta, baina, hala ere, San Esteban eguneko goizeko eta arratsaldeko dantzak derrigorrezko ekitaldi izaten ditu urtero, bertso saioarekin batera. Bestetan «ahalik eta gehientsuan parte hartzea» gustatzen zaio, eta zinegotzi izanda adi ibili beharko da  «norbaitek ekitaldiren batean laguntza behar badu laguntzeko». 

Zinegotzi izan edo ez, bestak bizitzeko modua «aldatzen dela» uste du, izan ere, udal ekitaldien bueltan eman zituen bestak iaz, eta aurten ere antzera biziko dituela uste du. «Txupinazoan udaleko kideekin izan nintzen, baita biharamunean dantzak ikusten ere, eta hurrengo egunean inguruko udal ordezkariekin bazkaria izan genuen». Hala ere gustura ibili zen Castillo: «Esperientzia kuriosoa izan zen iaz bestak zinegotzi gisa bizitzea eta ahal zen tartetan besta pixka bat ere egin genuen». 

Bestak baserrietara

Ekitaldi horietaz gain, dianetan ere parte hartzea egokituko zaio. «Baserri auzoetara besta eramateko modu bat dira dianak». Abuztuaren 4an hasi eta hiru egunez musika lagun auzoz auzo ibiltzen dira udal ordezkariak eta musikariak, eta «harrera bikaina» dutela dio, auzokideak zain izaten baitira musikariak noiz ailegatuko. Auzokideek trukean, «gosaria» ematen diete, eta aunitzetan etxe barreneraino sartzen dira musikariak. «Bada jendea ez dena herrira maiz jaisten, eta beraiek ere besten seinalea izatea eskertzen dute». 

Herritar denak zein kanpotarrak bestetan zein besta aitzinetik izanen diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu Castillok, baina, mezua ere luzatu die: «Jendeak ongi pasatu dezala, baina pasatu gabe. Bestak denentzako dira eta  ondokoa errespetatu behar da. Errespetatzen ez dakien hori ez da Beran ongi etorria izanen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun