Zentral eolikoak eskualdean

Parke eolikoaren proiektuari buruz mintzatzeko bigarren batzarra eginen dute igandean Arantzan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 31a, 11:00

Joan den igandean Arantzako Herriko Etxeko Gorapean egindako batzarra.

Madrilgo Zelena Renovable SL enpresak bi parke eoliko egin nahi ditu Bortzirietan eta Malerrekan; Azkua eta Irakurri izenez deitu dituen proiektuak, hain zuzen. Azkua proiektuak Arantzako lurrak hartuko lituzke eta horrek kezka sortu du Arantzan. Joan den igandean egin zuten gaiari buruz mintzatzeko lehenbiziko batzarra eta igande honetan, apirilaren 2an, berriz bilduko dira. 17:00etan gorapean egin dute hitzordua eta herritarrei joateko deia egin diete.

Sustrai Erakuntza fundazioak prentsara bidalitako ohar baten bidez jakin zuten aranztarrek eta Arantzako Udalak parke eolikoaren proiektuaren berri eta herritarrak antolatzen hasi dira. Joan den asteburuan, gaiarekin kezkatuta, herritar talde batek deituta, gaiari buruz solas egiteko batzarra egin zuten gorapean, eta igande honetan, apirilaren 2an, berriz bilduko dira.

Aldi berean, Arantzako Udalak proiektuari buruzko informazioa eskatu zuen Nafarroako Gobernuko ingurumen eta industria departamentuetan. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Zuzendariaren erantzuna hartu zuen; Arantzan egin nahi duten parke eolikoari buruzko baimen eskaerarik edo dokumentazio teknikorik ez dutela hartu erranez, baina 2022ko azaroan Zelena Renovable S. L. U. enpresak bi berme ekonomiko jarri zituela baieztatuz. Berme horietako bat Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaienen egin nahi duten proiektuari dagokio eta bertzea Etxalarko, Igantziko, Sunbillako eta Arantzako lurretan egin nahi duten proiektuari. Berme ekonomiko horiek nahitaezkoak dira energia sarera konektatzeko baimena izateko. Egun batzuk lehenagotik baieztatu zuen Sustrai Erakuntza fundazioak Bortzirietan eta Malerrekan parke eolikoak egin nahi dituen enpresak energia sare elektrikora konektatzeko baimena lortua duela.

Bertzetik, Nafarroako Gobernuak Arantzako Udalari emandako erantzun horren bidez jakin dira bi proiektuen izenak zein diren: Irakurri instalazioa Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaienen egin nahi dutena eta Azkua instalazioa Etxalarko, Igantziko, Sunbillako eta Arantzako lurretan egin nahi dutena. Irakurri Ezkurrako mendi baten izena da eta Azkua Etxalarko mendi baten izena.

Proiektu bakoitza 50 megawattekoa izanen litzateke, eta energia Iberdrolaren Bidasoko azpiestazio elektrikora bideratzeko izanen litzateke.

Azkua mendiaren inguruak

 

Irakurri mendiaren inguruak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun