Sustrai Erakuntza Fundazioak joan den astean iragarri zuen egoitza fiskala Madrilen duen Zelena Renovable SL enpresak Bortzirietan eta Malerrekan bi makroparke eoliko egiteko asmoa duela. Horietako bat Etxalarko, Igantziko, Sunbillako eta Arantzako lurretan, eta bertzea Ezkurrako, Eratsungo, Saldiasko eta Beintza-Labaiengo lurretan.
Saralegiren hitzetan, «proiektu zehatzik ez dugu, baina azken aldian haize errota altuak paratzeko joera dago. Kasu honetan, parke eoliko bakoitzak 50 megawatt ekoizteko gaitasuna izanen luketenez, kalkulatu dugu zortzi-hamar errota izan daitezkeela Bortzirietan eta bertze horrenbertze Malerrekan. Malerrekakoa, Leitzako linearen segida izanen litzatekeela uste dugu». Enpresa lehenbiziko pausoak ematen hasia da eta «sortuko lukeen energia sare elektrikora konektatzeko baimena lortu du».
Saralegik erran duenez, «hurrengo pausoa proiektua Nafarroako Gobernuan aurkeztea izanen litzateke. Baina zalantzak ditugu Nafarroan edo Madrilen tramitatuko duten». Hala ere, «proiektua aurkeztu baino lehen batzuetan zeharka herrietara jotzen dutela» adierazi du Sustrai fundaziokoak, «zer giro dagoen ikusteko eta informazioa biltzeko. Horrekin aurkezten dute proiektua».
Bortzirietako eta Malerrekako proiektuak «hastapenean» daudela aipatu du, eta herritarrei mugitzeko deia egin die. «Aunitzetan, proiektua egina denean, eta ezinegona lehenagotik sortzen ez bada, zailtasun handiagoak izaten dira moldaketak egiteko edo kontra egiteko». Horregatik erakundeetara informazio eske jotzeko mezua luzatu die: «Nafarroako Gobernura, Espainiako Sare Elektrikora, enpresara…».
Hortik haratago, «eredu energetikoari eta behar energetikoari buruzko hausnarketa orokorraren beharra» nabarmendu du Saralegik: «Parke eolikoa bai edo ez eztabaida baino gehiago da. Berriztagarrien hedapenaren eredu hau nahi dugu? Enpresa pribatuen eskutik euren interes espekulatiboen erritmora, herritarren iritzia kontuan izan gabe… Eredu horrek ez du klima aldaketari edo kontsumoari lotutako onurarik ekartzen».