Proiektu bat Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan, eta bertzea Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaiengo lurretan
Proiektuen kokapen zehatzik ez dutela adierazi du Saralegik. Dakitena zera da: «egoitza fiskala Madrilen duen Zelena Renovable SL enpresak bi makroproiektu eolioko egiteko asmoa duela, bakoitza 50 MW-ekoa». Horietako bat nagusiki Bortzirietan kokatuko litzateke: «Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan». Eta bigarrena Malerrekan: «Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza Labaien kaltetuko lituzke». Sustrai Erakuntzako prentsa oharrean ageri denez, «dagozkien kudeaketak egiten ari dira sare elektrikora konektatzeko eskubideak lortzeko, baita fidantza jartzeko ere». Fidantza hori hainbat milioi eurotakoa izan daitekeela azaldu du.
Saralegik onartu duenez, «proiektuak Nafarroan edo Madrilen non tramitatuko dituzten zalantza» dute. «Azken bolada honetan, alderdi politikoek lege batzuk onartu dituzte Madrilen, eta horien arabera, bertzeak bertze, ingurumen inpaktua ez da hain beharrezkoa izanen proiektuei bidea irekitzeko». Eta gehiago erran du: «Legedia arindu dute eta erraztasun haundiagoak ematen dituenez, uste dugu Nafarroan halako makroproiektuen hirugarren olatua etorriko dela. Azken lau urteotan bi olatu izan dira, bien artean 114 proiektu martxan paratu nahi izan dituzte, nahiz eta guztiek ez duten aitzinera egin. Geroztik araudia arindu dute eta hemendik aitzinera holako saiakerak ugalduko direla iruditzen zaigu».
Sustrai Erakuntza fundazioko kideak oroitarazi duenez, «azken urteotan Nafarroan sekulako hedapena izan dute halako makroproiektuek. Erribera aldean nonahi paratu dituzte, eta muga Nafarroako iparraldean zegoen. Duela bi urte, ordea, halako saiakera bat egin zuten Lesakan. Jendea mugitzen hasi zen eta proiektua gelditua dago. Argi dago ez badago ezinegonik edo kezkarik, eta hori erakusten ez bada, proiektuak aitzinera egiten duela». Horregatik mezua luzatu die Bortzirietako eta Malerrekako udalei eta herritarrei: «Enpresek hasierako mugimenduak isilean egiten dituzte, baina badakigu pausoak ematen ari direla. Hortaz, erne egon behar dugu. Zenbat eta lehenago hasi galderak egiten, hobe. Horrek zer pentsatua ematen die halako proiektuak bideratzen dituztenei».
Balantze «mingarria»
«Makroproiektu eolikoen eta fotovoltaikoen hedapenak eta goi tentsioko proiektu berriek Nafarroan aitzinera segitzen dute». Hala dio Sustrai Erakuntzaren oharrak. Baina bere hitzetan,«hedapen hori ez dator bat gure beharrei erantzuteko plangintza demokratikoarekin. Milaka nafarren bizkar egiten ari dira».
Oharrean ageri denez, «ustez berriztagarriak diren proiektuen enpresa kolonizazio horren balantzea ezin da mingarriagoa izan. Ez dio subiranotasun eta buruaskitasun energetiko handiagorik ekarri Nafarroari, ekoizpen eta merkaturatze erabakiak multinazional energetikoen esku baitaude. Ez du elektrizitatearen prezioa murriztu, langileen eta herritarren gehiengoaren poltsikoak kolpatuz eta oligopolioen onurak gizenduz. Azken urteotan ez du berotegi efektuko emisio kutsatzaileen murrizketarik eragin, 2030erako Nafarroako Energia Planak onartzen duen bezala. Ez du dinamika desarrollisten alternatibarik sortu: Abiadura Handiko Trena, makrogranjak, ibilgailu pribatuaren sustapena, erauzketa jarduera basatiaren babesa, hala nola, Mina Muga eta Magna Erdizen. Azkenik, ez du lurraldearen erresilientzia bultzatu, laborantza lurren galera eta biodibertsitatearen gaineko presio jasanezina eragiten ari delako».