Sustrai Erakuntza fundazioaren arabera, Madrilgo Zelena Renovable SL enpresak Bortzirietan eta Malerrekan bi makroparke eoliko egin nahi ditu. Horietako bat Etxalarko, Igantziko, Sunbillako eta Arantzako lurretan izanen litzateke, eta bertzea Ezkurrako, Eratsungo, Saldiasko eta Beintza-Labaiengo lurretan. Parke eoliko bakoitzak 50 megawatt ekoizteko gaitasuna izanen luke, eta Sustrai fundazioaren arabera, «zortzi-hamar errota izan daitezke Bortzirietan eta bertze horrenbertze Malerrekan». Enpresa lehenbiziko pausoak ematen hasia da eta sortuko lukeen energia sare elektrikora konektatzeko baimena lortu du.
Gaiarekin kezkatuta, atzo batzarra egin zuten Arantzako Herriko Etxeko Gorapean. 25 bat lagun bildu ziren eta euren kezkak eta eskura zuten informazioa partekatu ondotik, bertze batzar bat egitea erabaki zuten. Bigarren batzar hori heldu den igandean, apirilaren 2an, 17:00etan gorapean eginen dute. Modu batera edo bertzera gaiak herritar guztiei eragiten ahal diela ikusita, aranztarrei batzarrera joateko deia egin diete.