Zentral eolikoak eskualdean

Irakurri eta Azkua dira Zelena Renovable enpresak Bortzirietan eta Malerrekan egin nahi dituen parke eolikoen proiektuen izenak

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 27a, 15:30

Atzo eguerdian Arantzan egindako batzarrean hartutako irudia.

Bi proiektuen izenak ageri dira Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Arantzako Udalari eman dion erantzunean. Horrekin batera, Zelena Renovable S.L.U. enpresak sarera konektatu ahal izateko bi berme ekonomiko jarri zituela baieztatu dio gobernuak Arantzako Udalari.

Goizean zabaldu du TTIPI-TTAPAk Arantzako, Etxalarko, Igantziko eta Sunbillako lurretan parke eolikoa egiteko proiektuak ezinegona sortu duela Arantzan. Aldi berean, Arantzako Udalak «prentsa bidez jakin duen proiektuari buruzko informazio guztia» eskatu zuen joan den astean Nafarroako Gobernuko ingurumen eta industria departamentuetan. Bada Arantzako Udalak berriki jakinarazi du Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Zuzendariak emandako erantzuna.

Honela dio gobernuaren erantzunak: ez dutela Arantzan egin nahi duten parke eolikoari buruzko baimen eskaerarik edo dokumentazio teknikorik hartu, baina 2022ko azaroan Zelena Renovable S. L. U. enpresak bi berme ekonomiko jarri zituela. Berme horietako bat Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaienen egin nahi duen Irakurri izeneko proiektuari dagokio eta bertzea Etxalarko, Igantziko, Sunbillako eta Arantzako lurretan egin nahi duen Azkua izeneko proiektuari. Berme ekonomiko horiek nahitaezkoak dira energia sarera konektatzeko baimena izateko.

Horrekin batera, Sustrai Erakuntza fundazioak baieztatu bezala, proiektu bakoitza 50 megawattekoa izanen litzateke, eta energia Iberdrolaren Bidasoko azpiestazio elektrikora bideratzeko izanen litzateke. Sustrai Erakuntza fundazioa bera izan zen enpresak energia sare elektrikora konektatzeko baimena lortua duela jakinarazi zuena.

 

Azkua mendiaren inguruak

 
 
 

Irakurri mendiaren inguruak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun