Beran eta Lesakan izandako suteak 770 hektarea erre ditu

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 26a, 13:46
Asteburuko suteak hartu zuen eremuaren banaketa, erretako landaredi motaren arabera.

Eragindako azalera berbera da bi udalerrietan, 384 hektarea, eta horren zati bat modu naturalean berreskuratuko da Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuaren arabera

Asteburuko suteak 769,3 hektarea kaltetu ditu Bera eta Lesaka udalerrietan, Nafarroako Gobernuko Departamentuak jakinarazitako datuen arabera. Erretako azalera ia berdina da bi herrietan: 384,4 hektarea eta 384,9 hektarea, hurrenez hurren. Suak 339,3 hektarea larre eta sastrakadi ukitu ditu; 169,3 hektarea konifero-zuhaizti; 236 hektarea zuhaitz hostozabal eta 24,7 hektarea ez-emankor deitutakoak.

Ukipen maila, ordea, hagitz desberdina da, landare-formazioaren arabera eta erretako eremuetatik sua igaro zen abiaduraren arabera.

Horrela, belaiek hartzen duten azalera modu naturalean berreskuratuko dela uste dute. Udaberriaren bukaerarako berriz ere berdetua egonen dela aurreikusi dute, baina ordura arte aziendek ez dute bazkarik izanen mendietan.

Litekeena da sastrakadiz eta zuhaixkaz estalitako eremuaren zati handi bat (batez ere, otez, iratzez, txilardiez eta ezpelez osatua) berera bueltatzea, nahiz eta polikiago leheneratuko den. Lurraren gaineko ukipena aztertu duten Oihan eta Ehiza Zerbitzuko teknikarien arabera, eremu batzuetan sastrakadi hori ez litzateke berrituko, sua motel pasatu delako eta erabat kiskalita dagoelako. Ezpela nola egokitzen den ere ikusi beharko da, lehendik ere sitsak hondatua baitago zati handi batean.

Hostozabalak

Zuhaitz hostozabalen azalerei dagokienez, hala nola bertako haritza, gaztainondoa, haritz amerikarra eta abar, ukipena oso desberdina izan da. Zuhaitz helduak eta 10-25 urte bitarteko basoberritzeak ukitu ditu suak. Erasandako oinen zati handi bat leheneratu eginen dela aurreikusi dute, baina udaberrira arte edo hurrengo urtera arte esperatu beharko da. Haritz amerikarreko basoberritzeen kasuan, oro har, ukipena ttikia izan da.

 

Koniferoak

Azkenik, koniferoen sailetan eragin handia izan du suak, baina ez uniformea. Batez ere pinu radiata/intsinis (orokorrean, sutearen aitzinetik ere hagitz eri eta kaltetua), larizio pinu, itsas pinu, izei eta alertzeek osatzen dituzte.

Adin ertaineko (10-25 urte) eta helduen koniferoen basoberritzeetan, eragin handia izan du suak. Eremu batzuetan, teknikariek uste dute komeni dela nola eboluzionatzen duten ikustea, tarteko ukipen bat dutelako, baina zuhaizti horren zati handi bat arrasean moztu beharko da, baldin eta zura hurrengo urteetan usteldu baino lehen aprobetxatu nahi bada.

 Lau urtetik beheitiko koniferoen basoberritzeei dagokienez, ukipena ere desberdina izan da. Horietako bat, duela hilabete baino gutxiago Lesakan landatua salbatuko da, baina Berako bertze bat erabat kaltetua gelditu da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun