Miren Maia bere ahizpak dioenez, «suhiltzaileak erabat hemendik barna zebiltzan, auniztan gurutzatu gara beraiekin, baina haize honekin eta inguru malkartsu honetan, ezin zuten gauza aunitzik egin. Gurekin ez dira gelditu, baina gero etxera agertu dira, goizaldeko hiruak aldera. Beraien gibeletik joan gara, badaezpada ikusteko non zegoen sua, igual baserri ondoan genuen eta ez ginen ohartuak. Beraien gibeletikan joan gara Berreu aldera, guk ere ikusteko eta arratsaldean bezalatsu zegoen nahiko kontrolatua. Halere, egia da lo gutti egin dugula, gauez beldurgarria da sua, eta errespetua sortzen dizu, gorritua ikusten duzu eta zure buruari galdetzen diozu, heldu da, ez da heldu?».
Nerea Maiaren erranetan, «Endarlatsa aldetik goiti bertze su bat hasi dela ere ikusi dugu eta hasieran kezkatu gara, baina suhiltzaieek kontrasua dela erran digute eta lasaitu gara. Aunitz inpresionatzen zuen Berreu aldetik Irun aldeko Potonbordak ere, sua hagitz hurbil zuela ikusten zen. Gauez ez ziren bi baserriak ikusten, baina sua bai, eta bagenekien hurbil zela. Haizeak garra haundiak ateratzen zituen, baserriak hor nonbait zeudela bagenekien, eta beldurra... ailegatu ote da, ez ote da? Egunez ez da polita, baina gauez beldurgarria da sua».
Iritzi beretsukoa da Miren Maia ere: «Haizea ikaragarri ibili da gauez, joan garenean Berreu aldera eta kotxetik atera, haizeak gibelera eramaten zigun., imajinatu sua!».
Igor Lasagak, Nerearen senarrak ere sua gauez ikaragarria dela onartu du. Berakoa sortzez, «lagunen bideoen bitartez jakin du behorrak hil eta erlauntzak galdu direla Beran. «Pena handia da, zebilen haizearekin ezin izan zuten sugarretatik ihes egin. Zorionez Lesaka aldean ez da horrelakorik izan eta aziendak zeuden lekuetan ez du suak eragin».