Larunbat goizean hasi zen dena. «Bi foku izan ziren, bat Montoian eta bertzea Sarrallan, eta hortik abiatu zen dena». Halaxe kontatu dio Aitor Elexpuru Berako alkateak TTIPI-TTAPAri. «Bata bertzearekin harremanik ez duten bi foku» izan direla ondorioztatu dute, baina argi dute «nahita piztutakoak» izan zirela. Are gehiago, «kaltea egiteko helburuarekin piztu zituzten. Ez dugu abeltzainen edo bertzelako interesik aurreikusten».
Hori horrela, piztu duenak «egindakoa ordaintzea» nahi dute. «Atzo Maria Txibite Nafarroako presidenteari salaketa aurkezteko gure asmoaren berri eman genion, eta honek Foruzaingoak ofizioz ikerketa hasia duela adierazi zigun». «Erreduna aurkitu» nahi dute: «Tragedia bat izan da eta gertatu denetik ikastea nahi genuke, horrelakorik errepikatu ez dadin. Ea erruduna zein den aurkitzen dugun eta egindakoagatik ordaintzen duen».
Kalte handiak
Nafarroako Gobernuak adierazitakoaren arabera, suteak 1.800 hektarea inguru erre ditu asteburuan, eta Elexpururen arabera, «Beran 350-400 hektarea erre direla kalkulatzen dugu». Hain zuzen horretan ari dira orain, kalteak zenbatzen. Eta horregatik «aziendekin, etxeetan edo bertzela kalteak izan badituzte udaletxera etortzeko eskatu nahi diegu herritarrei. Kalteak zenbaterainokoak izan diren bildu nahi dugu. Gero ikusiko dugu kalte horien kudeaketa nola egiten dugun». Landaketak galdu dituztela argitu du Elexpuruk: «pinudiak, haritz dezente...». Aziendak ere bai: «aziendak erreta hil direla erakusten duten irudi lazgarriak ikusi ditugu».
«Momentu larriak izan ditugu»
Aitor ELEXPURU, Berako alkatea
Hortik haratago, «momentu larriak» izan dituztela azaldu du: «Zamarreko bordan, erraterako, sua hagitz hurbil ibili zen, suhiltzaile boluntarioei kamioia matxuratu zitzaien eta txiripaz ez zen erre kamioia, Iasolako bentan ere larri ibili ziren...». «Makurragoa» izan zitekeela dio Elexpuruk. «Ez genekien sua nora joanen zen. Azkenean Bera aldera jo beharrean, Iparraldera jo zuen eta han ere kalte handiak eragin ditu».
Borondatea eta koordinazioa
Herritarren borondatea ere nabarmendu nahi izan du Berako alkateak: «bertze behin lanerako prest agertu dira. Aunitzek deitu zuten boluntario aritzeko prest. Suhiltzaileek deialdirik ez egiteko eskatua ziguten, arriskutsua izan zitekeelako, eta mendia ongi ezagutzen zuten batzuk aritu ziren boluntario. Hortik aparte, Ibardingo benta batean suhiltzaileei ogitartekoak ematen aritu ziren, herrian Gurutze Gorrikoei ere bai... Eskertzekoa da herritarrek erakutsi duten borondatea». Hortik aparte, Zalainen kokatu zuten «aginte postuaren eta mugaz gaindiko koordinazioa» azpimarratu ditu.