Beran Antzuzelai aldeko sutea, N-121-A errepide ondoraino iritsi da eta trafikoa eten dute bi noranzkoetan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 20a, 12:15

Bertizarana eta Baztango suteez gain, Bortzirietan ere norbaitek su eman dio mendiari, Beratik Irun aldera, Antzuzelai parean. Haize ufadek lagunduta, Azkaine eta Urruña aldera mugitzen ari da eta baita Bidasoa gurutzatuta hegoaldera ere, Lesakako Eskolamendi eta Irun aldera. Bera aldetik inguruak duen zailtasunarengatik, suhiltzaileak ia ezinezkoa dute tokira iristea. N-121-A errepidea itxita dago bi noranzkoetan. Ibardingo inguruetan etxebizitza, baserri eta borda batzuk hustu behar izan dituzte.

Sua, haize zakarrak bultzatuta, azkar hedatu da Bidasoaren hegoaldera eta iparraldera eta lur eremu handia hartu du. Ibardingo inguruetan etxebizitza, baserri eta borda batzuk hustu behar izan dituzte

Cordovillako eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak, baso-suhiltzaileak eta mendizainak ari dira lanean. Haize-bolada gogorrek Nafarroako Gobernuko helikopteroei hegan egitea galarazi diete, eta, ondorioz, Torrejongo baseko hegazkin bat eta helikoptero astun bat eskatu dizkiote Ministerioari.

 

Sutea Irun, Biriatu, Urruña eta Azkaineraraino ailegatu da

Endarlatsatik Ibardingo gainera eta handik Lapurdi alderat, Larrungo magaletan beheiti, Urruñako Oleta auzoraino eta Azkaineraino ailegatu da sua. Azkainen bigarren foku bat indartu da eta arratsaldean sugarrak etxe inguruetara hurbildu dira.

Azkaine eta Urruña artean suhiltzaileek 68 lagun sokorritu dituztela jakinarazi du Philippe Le Moing-Surzur suprefetak: horietako 40 bentetan atzeman dituzte, bertze hogei mendian eta azken zortziak Larungo trenean jautsi dituzte. Suprefetaren hitzetan, bi sute dira pizturikoak: bata Berakoa eta bertzea Larhun mendikoa.

Gipuzkoara ere hedatu da sutea Endarlatsatik. eta, hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak dozena bat ibilgailu eta hogei bat suhiltzaile mobilizatu ditu hori itzaltzen ahalegintzeko.

Suteak sortutako kea Ziburutik ikusita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun