XABI BALDA

«Penagarria da gertatu dena, baina mendiaren egoera ikusita ez da harritzekoa»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 23a, 11:00
Berako Xabi Balda abeltzainak «mendia garbi kontzea» garrantzitsua dela uste du, horrelako suterik ez gertatzeko.

Xabi BALDA ERRANDONEA, Berako abeltzaina

Osabarekin batera belar-soroetan dituen 30 bat zaldikoez gain, mendian 50 behor zituen Xabi Balda Errandonea Berako Haritz-ondoko abeltzainak. Horietatik gehienak biltzea lortu du, sei zauri larriekin hori bai, eta oraindik orain, bertze lauen bila ari da. Baldak aipatu digunez, «halako sutea izan da aziendek ez zutela nondik eskapo egin. Izkin guztietan sua zegoen. Pena handia izan da. Kearekin edo erreta hil ziren batzuk. Guk sei zaurituta bildu ditugu, erreta: ezpaina handitua, begiak itxiak, mukia dariola, patak erreak… penagarri daude. Bertze lauren bila ari gara oraindik, baina zenbat eta denbora gehiago pasatu esperantza ttikiagoa da. Aziendak janaririk gabe gelditu dira, dena erraustu da eta ez da deus gelditu jateko».

Egora kaxkarrean gelditu da mendia asteburuko sutearen ondorioz. Baldak dioenez, «mendi inguru honek basamortua dirudi, edo Marte. Negar egiteko gogoa ematen du. Asteburua luzea izan da, gaua eta eguna, ohatzean sartu eta lorik ezin egin. Gauez bueltaka ibili, goiz abiatu etxetik, berandu bueltatu. Bera inguruan ez genuen horrelakorik bizitu, telebistan ikusten dugu aunitzetan, baina tokatzen zaizularik ohartzen zara zer den».

Handik eta hemendik jaso duten laguntza ere ez du aipatu gabe utzi nahi Berako abeltzainak. «Laguntza eskatu eta jendea prest agertu da eta hori eskertzekoa da. Eskerrak eman baita suhiltzaileei, boluntarioei, Berako artzainei sua itzaltzen eta aziendak biltzen emandako laguntzagatik… itzalean lan egin duten guztiei! Hondarrean ni agertzen ari naiz leku guztietan, baina badira erlezainak ere kalte handiak izan dituztenak, horiek gogoan hartu behar ditugu». Berako udalaren interesa ere eskertu du Baldak, «laguntza emateko prest dago».

«Mendia ez da bakarrik egurra ateratzeko: menditik hartzen ahal da, baina eman ere egin behar zaio mendiari»

Asteburuko gertakaria penagarria da Baldarentzat, baina mendiaren egoera ikusita ez dela harrigarria ere uste du: «Mendia garbi kontzea garrantzitsua da, akats handiena mendiak hagitz zikinak daudela da, ez dira zaintzen zaindu behar diren bezala, zerbait egiten da, baina jarraipena egin behar da, hirietan lorategiekin egiten den bezala. Plantazioetan inbertitzea ongi dago, baina suebakiak egin behar dira, aziendak ibiltzen diren larreak garbitu… Segida bat eginez gero ez genuen irudi hau izanen. Mendia ez da bakarrik egurra ateratzeko: hartzen ahal da, baina eman ere egin behar zaio mendiari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun