Bestak 2025

«Bestak denok disfrutatzen ditugu, bakoitzak bere modura»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 22a, 16:00

Aroa Urteaga elizondoarra da aurtengo Elizondoko bestetako kartelaren egilea, «mosaiko laranja» gisa definitu duena.

Aurten Aroa Urteaga elizondoarrak sortu du Elizondoko bestak jauntziko dituen kartela. «Lagunen arras laguna» eta «disfrutatzeko beti prest» dagoen neska «alai» gisa definitu du bere burua eta, hortaz, bere lanean lagunek protagonismoa hartu dutela ere azaldu du: «Nire inspirazio iturri nagusia nire esperientzia pertsonala izan da. Baina bertze puntu garrantzitsu bat, nire inguruko lagunen esperientziak eta bestak bizitzeko modu anitzak biltzea izan da».

Jiraka eta biraka

Bestetako antolakuntza komisioak kartela egitea proposatu zionean bere buruaren baitan ideiak jiraka eta biraka hasi ziren. Hala ere,  hasieratik argi izan du sortu nahi zuen kartela «arras pertsonala» izanen zela, «baina atzendu gabe bestak denok disfrutatzen ditugula, bakoitzak bere maneran».

Mosaiko laranja

Bere kartelean «mosaiko moduan Elizondoko bestak definitzen dituzten elementuak ageri dira». Horien artean, erraldoiak, buruhandiak, lagunak edota mus txapelketak. Bertzalde, laranja kolorea nagusitzen da «transmititzen duen sentsazioa berotasuna, hurbiltasuna eta uda giroa direlako». Eta beretako Elizondoko bestak definitzen dituzten hitzak horiek berak direlako: hurbiltasuna eta uda. Horrela, hainbat elementu eta laranja kolorea fusionatuz edozein herritarrek bere burua bertan islatuta ikusi ahal izateko kartel bat eratu nahi izan duela esplikatu du: «Bakoitzak bere modura bizitzen ditu bestak, baina sentimendu hori kartelean islatzea izan da nire helburua, edozein herritar nolabait ere identifikatuta sentitzeko». 

«Zaila da burutan duguna diseinatzea eta guk imajinatzen dugun bezala irudikatzea. Horregatik, etengabe probak egiten aritu naiz»

Prozesu gazi-gozoa

Lana sortzeko prozesua gazi-gozoa izan da, bere buruarekin «zorrotza» delako eta lanak akitutzat ematea kostatzen zaiolako. «Zaila da burutan duguna diseinatzea eta guk imajinatzen dugun bezala irudikatzea. Horregatik, etengabe probak egiten aritu naiz, gustuko emaitza batera ailegatu arte». Ideiak definitzea «makurrena» izan dela gaineratu du eta «kezkatuta» ibili izan dela ere aitortu du, nahiz eta kezka horiek gero desagertu. «Behin marrazten hasita eta kartelak forma hartzen zuela ikusita,  blokeotik ateratzea lortu nuen eta kezkak desagertu egin ziren». Azkenean, bere estilo propioa txertatuz eta kartelean bere marka utziz, egindakoarekin kontent gelditu da.

Urteko aste hoberena

Elizondoko bestak «urteko aste hoberena» dira Aroarentzat eta, hortaz, aurten ere «ahal den neurrian egun guztiak aprobetxatzen» saiatuko da. «Herriko bestetan lagun guztiak pozik eta alai gaude; eta alde batera gelditzen dira urtean zehar izandako momentu txarrak, gure energia guztia bideratzen baitugu ongi egoteko». Hala ere, bere egun gustukoena gazte eguna dela argi utzi du: «Uztailaren 26a da niretako egunik politena, kuadrillen bazkaria, arratsaldeko txaranga, gaueko giroa...» Adinarekin gauak geroz eta gehiago disfrutatzen direlako herriko bestetan. «Modu batean, orain, gauak gehiago bizitzen ditugu egunak baino». Azkenik, jende guztiari gonbidapena luzatu nahi izan dio: «Etorri nahi duenak ongi etorria izan dadila Elizondoko bestetara!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun